Paperekoa

“Erre gintuzten, baina guk hegan egiten ikasi dugu” – Naiara Exposito

Martxoaren 8a pasa berri den honetan… Duela bi urte pasa, alabaren jaiotzak nigan aldaketa handiak ekarri zituen: bizimoduan, aldaketa fisikoak, ohituretan, lagun berriak, lan munduan… Bizitzeko modua beste era batera planteatu nuen. Erabaki asko, nik hala nahi izan nuelako; beste batzuk, egoerak behartuta.

Esnatu eta txikia kalenturarekin dagoela ohartu naiz; agenda begiratu, eta bilerarik ez dudala konfirmatu orduko, emaila idatzi dut bulegora gaur etxetik lan egingo dudala jakinarazteko. Zorionez, lan egiten dudan tokian berdintasuna, lana eta bizitza pertsonala uztartzea… bermatuta dauzkagu. Zorionekoak gu. Bulegoko mahaian eserita, ingurura begiratu, eta harro sentitzen naiz. “Bide onetik goaz” pentsatzen dut. Baina, kalera irtetean, beste errealitate batekin egiten dut topo.

Ama izatea nire erabakia izan zen, emakume izateak duen abantaila (batzuentzat, agian, desabantaila). Egia da gizonek bizi ezin duten esperientzia bizitzeko aukera dugula, baina… inoiz ez al zaizue gertatu kalera irten ama izan ostean, lagunekin-edo (haurrik gabe, noski), eta “Non duzu haurra?” galdera egitea?

Nire bikotekidea kalean lagunekin ikustean norbaitek galdetzen ote dio hori? Ziur nago ezetz! Jakintzat ematen baita aita kalean bada, haurra amarekin dagoela. Haurren zaintza amari dagokion lana dela uste delako oraindik ere. Zoritxarrez, gaur egungo gizarte gazteak ere horrela pentsatzen du, eta batek baino gehiagok aitona-amonen ardura dela ere uste du. Egia da hasierako hilabeteetan amaren papera oso garrantzitsua dela, baina egoera hori ez da betiko.

Ingurura begiratu, eta pentsatzen dut “Zenbat lan dagoen egiteko oraindik ere”. Egun, emakumeek duten lan karga itzela da: haurren zaintza, etxeko lanak, etxetik kanpokoak… Kasu askotan elkarbanatzen direla uste dut, baina oraindik ere ez dira % 50ean banatzen. Askotan magia, hegan… egin behar izaten dugu dugun zeregin eta ardura guztiak betetzeko.

Bai, badakit hauek detaile sinpleak direla, gaia askoz ere sakonagoa dela, eta lan asko dagoela egiteko esparru ezberdinetan, baina berdintasuna lortzeko etxetik hasi behar da lanean. Gure haurren heziketak garrantzi handia du zalantzarik gabe, baina gure etxeetan, gure bikote arteko harremanetan ere badugu zer landua oraindik ere. Beraz, emakumeok ez ditzagun geureganatu denonak diren lanak eta ardurak.

Naiara Exposito Alberdi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide