Paperekoa
Pello Aizpurua Etxaniz Lilibe (1946 – 2017)
— 2017-03-13Umetan ezagutu genuen Lilibe baserria bertako astoa eta oiloak ikustera joaten ginelako. Han, kalekumeok, gure fantasiazko munduan baserri giroa irudikatzen genuen. Inguruan ibiliko zen Pello, hazienda gobernatzen. Gerora, gutako gehienok taberna giroan ezagutu dugu Pello Lilibe, asteburuetako txikiteoan. Horrela ezagutu zuen Pako Aristi idazleak ere, 1999ko apirilean. Handik gutxira konturatu zen “Lilibe bazela norbait”, eta horrela idatzi zuen Euskaldunon Egunkaria-n, 1999ko irailaren 18an. Arrazoi zuen.
1967ko txapelketan Gipuzkoako finalean izan zen Pello, Tolosan. Hogei urte zituen. Ordurako hasia zeukan bere ibilbidea bertso munduan. Uztapide bigarrenarekin eta Kortatxorekin egin omen zuen lehenengo saioa. Hemezortzi urte besterik ez zituenean, 1964ko abuztuaren 9an Azkoitian kantatu zuen, txapelketari zegokion eskualdeko kanporaketan, eta bigarren egin zuen, Uztapide bigarrenak irabazitako saioan. Saio hartan neska gazteari kantatutako bertsoa jaso dugu:
Soineko txuriakin
daukazu jazkera
aurrera zer izango
da zure jokera
nik ipiniko dizut
halako aukera
ez dezazula ahaztu
aitonen hizkera
bizi dedin luzaro
euskaldun ta euskera.
Pellok eta Manuelek abenduaren 6an Eibarren kantatu zuten finalaurrekoan. Ez bata ez bestea ez ziren finalean sartu. Baina 1967ko txapelketa iritsi zenerako plazan ibilbidea eginda zeukan Pellok.
Azpeitian kantatu zuen eskualdeko kanporaketan, 1967ko martxoaren 12an. Nikolas Zendoiak irabazi zuen kanporaketa, eta Pello bigarren izan zen. Apirilaren 9an azken aurrekoa jokatu zen Hernanin, eta han lortu zuen Pellok finalerako txartela. Artean hogeita bat urte bete gabe Tolosan izan zen Pello, 1967ko maiatzaren 4an, “aro zaharreko” azken Gipuzkoako Txapelketako finalean. Txomin Garmendiak irabazi zuen, eta Txominekin eta Pellorekin batera han ziren Joxe Luis Gorrotxategi, Patxi Etxeberria, Fermin Muñoa, Koxme Lizaso, Joxe Intxausti, Xanti Zabala Lexo eta Nikolas Zendoia. Zoritxarrez, ez dira gorde egun hartan kantatutako bertsoak. Txapelketako liburuan Euskal Herriko finaleko bertsoak baino ez dira ageri. Halere, badaukagu txapelketa horretan gai librean euskararen egoerari buruz Pellok Iparragirreren doinuan kantatutako bertso bat:
Hizkuntza zaharra aukeratzen det
orain kantatzeko gaia
aspaldi hontan berak badauka
bildurgarrizko etsaia
baserri ta kalera
sartu da gaztelera
hau da erdaldun usaia
euskera galtzen ari zaigula
ez nago oso lasaia.
Azpeitiko saioan, familia esperoan dauden senar-emazteen paperean jarri zituen Alfontso Irigoien gai-jartzaileak. Pello Lilibe senarrak mutila nahi zuen eta Nikolas Zendoia emazteak neska. Horrela kantatu zuen Pellok:
Aizu, emazte, zorion baten
esperantzetan nabila,
izar eder bat etorriko da
betiko argiyen bila;
ez baita oraingua,
baizikan ta lehengua,
nua goguaren bila,
etorriko dan landaretxua
mutila izan dadila.
Euskaltzaindiak ez zuen txapelketa gehiago antolatu 1980ra arte. Baina izan ziren sariketak. Guk dakigula, Pellok gutxienez Errenterian eta Zumaian parte hartu zuen. 1970ean Zumaian, bertso onenaren saria eman zioten. Konkorduna (Pello) eta tartamutua ari ziren eztabaidan, eta Pellok horrela kantatu zion hitz totelari:
Ni bizkarreko konkorrarekin
mundura nintzen jaiua
baina laguna ni ez ezikan
zeu´re ez zaude iaiua
asmatu ezinik hortxe zabiltza
bai hitz eta bai oihua
hobe zenduke ixilik egon
tartamutu arraiua.
Gazte-gazterik hasita, bere ibilbidea egin zuen Pellok. Plazan, eta santa-eskean. Ez Zestuan bakarrik, hainbat lekutan aritu zen koplari. Goikoetxea baserrian txerria hil omen zuten, eta horrela kantatu zuen Pellok:
Nundikan nora ez det esango
baina jakin da berriya
gaur Goikoetxen hila dutela
berebiziko txerriya.
Baina limosna luzatutzea
ez baletorko ederki
oso gustora hartuko´itugu
dozenatxo bat odolki.
Azkoitian, berriz, Tapia pilotaria txapelketako partidua jokatzekoa omen zen:
Esan didate eskubi aldera
bueltatutzeko begiya
ta hemen bertatik ikusitzen det
Tapia pelotariya.
Gauza batekin konturatu naiz
ta gordetzeko ez nago
zu hausitzeko Azkaraterik
Bizkai aldean ez dago.
70eko hamarkadaren hasieran utziko zion Pellok plazari. Arrazoiak ez ditugu ezagutzen. Txapelketarik ez izateak lagunduko zuen, ziur aski. Txapelketarik gabe zaila da betikoen artean lekua egitea. Artean santa-eskean koplari ere ibiliko zen, baina horrek ere ez zuen luze iraun. Dakiguna da jendaurreko jarduna utzi egin zuela. Bere arrazoiak izango zituen horretarako. Kontua da itxura ona zuen gazte haren bertso ibilbidea hor eten zela.
Halere, santa-eskeko koplari lanari utzi zionean ere, ezin ekidin jendeak bertsoak eskatzea edo kantatzera animatzea. Hori gertatzen zitzaion santa-eskeko taldea Lilibera joaten zen bakoitzean. 1997. urtean Jexux Iribar Olalde eta Nikolas Zendoia ziren koplariak:
‘Olalde’ Neuk ere pixkat probatu nuen
ta bestengandik entzuna;
oraindik ere ez zaio joan
lehen zuen zorroztasuna.
Pello Lilibe Nere hutsegin edo ustia
kolpez ahal da azaldu;
beste batzuek bien bitarte
munduan zinaten galdu.
‘Olalde’ Gaur izan degun txolarte hauxe
ez zaigu ahaztuko sekula;
nik pentsatzen det altxor txiki bat
berreskuratu degula.
Pello Lilibe Badakizue txertatu gabe
ez dala sortzen mizpira.
Ahalegin danak eginda ere
gure erdiak ez dira.
2006an Lilibe baserrira joan aurretik aurkitu zuten koplariek Pello, Txoko tabernan. Urte horretan Uztapide bigarrena, Olalde eta Oskar Alberdi ziren koplariak. Orduan ere zirikatu zuten. Pellok erantzun:
Beraz kantari hasi beharko
hemen ahal dedan moduan…
Hauek titular dabiltza eta
ni, berriz, kontrabanduan.
Kontseju ematen ez gero hemen
alperrik galdu indarrik;
bestela ez dute arratsaldean
gurera joan beharrik.
2001eko Soro Peri egunean Maialen Lujanbio eta Unai Agirre ziren Zestuan, bertso-eskolak deituta. Mollergi tabernan norbaitek esan zien bertsolariei han zela Pello Lilibe, eta zirikatzen hasi, beti bezala. Poste atzetik zapla bota omen zuen bertsoa Pellok:
Entzuteko daudenez
hain itxura alaiz
txantxari jarraitzeko
nabil oso garaiz
orain ezkututikan
kantari ari naiz
ez da giro izango
bistaratzen banaiz.
Saio bikaina egin omen zuten hirurek, eta bertso polit asko kantatu. Jendeak luzaroan izan zuen egun horretako saioaren oroimena. Horrelako bertsoak botatzeko gauza denak ez du hutsetik sortzen. Almazena betea izan behar du, eta gutxieneko entrenamendua eginda eduki. Egia da jendaurreko jarduna utzia zuela, baina bertsoa lantzen jarraitu zuen. Pellok koaderno txikitxo batzuetan idazten zituen buruan sortutako bertsoak. Maitasuna, politika, bortxakeria, lagunak… askotariko gaiak landu zituen. Ondorengoa da garai hartan Euskal Herrian zegoen bortxakeria egoerari buruzkoa:
Pakea zer den ez dakilako
gorrotodunen bihotzak
beren eskutik hartuaz dabiltz
oso bengantza zorrotzak
orain artean atseginikan
ez du sortu heriotzak!
Gure artean hau gertatzeak
asko jartzen gaitu lotsak
noiz amaituko ote zaizkigu
tiro ta eztanda hotsak.
Imajinatzen dugu Pello koaderno txiki horiek errepasatzen eta, berri bat sortzean, arkatz txiki batekin orritxoan apuntatzen. Gero mesanotxearen azpian sartu, ondo gordeta. Eta horrela bat, bi, hiru… ez dakigu zenbat koaderno txiki. Baina nahikoa esateko Pellok sekula ez ziola utzi bertsolari izateari. Plazari bai, baina bertsoari ez. Izanak izena baldin badakar berarekin, Pello Lilibe bertsolaria izan da, hil arte.
Bukatzeko, Pellok fedeari buruz koaderno txiki horietako batean idatzi zituen bi bertso:
Garai batean sendoa gendun
euskaldunaren fedea
indar haundiko zain gogorretan
sustraitu eta gordea.
Urte gutxitan aldarte asko
izanak ditu ordea
ez dakit hura gehiegia zen
edo hau degun hobea
baina gaur ere federik gabe
ez zaigu bizi jendea.
Giza fedetzaz hitz egitean
ibili gintezke argi
geroa zer da? zer izango da?
inork ez degunez garbi
muga gabeko itxaropena
ta amets askoren kabi
pasabideak lotzen ditunez
aparte dauden leku bi
fedeak izan behar du Jainko
ta giza arteko zubi.
Pasabide edo zubi hori hartua du dagoeneko Pellok. Goian bego!
Joxin Iturrioz
Egin zaitez bazkide
IRUZKINDU