Albisteak

[ERREPORTAIA] Bidaiatu nahi? Naiara Exposito

Miguel Santamaria eta Jagoba Astiazaranen proposamenak eta gero, Naiara Expositorena dakarkizuegu jarraian

Eivissa furgonetan familian

Naiara Exposito Alberdi

Eivissara joan ginen familian, 2018ko ekainean. Gure furgonetarekin ferryan joatea erabaki genuen, guri gustatzen zaigun bezala bidaiatzeko. Furgonetarekin bidaiatzen urteak generamatzan eta haurrekin ere modu bertsuan egiten jarraitzen dugu.

Eivissa gehienbat ezaguna da bertako festa eta dantzalekuengatik eta baita uhartea inguratzen duten hondartza eta kaleengatik ere. Familian egin genuen bidaia, eta gure helburua hondartzaz hondartza ibiltzea zen; eta bide batez hango paisaia eta eguraldiaz gozatzea udari hasiera emanez.

Ferrya Denian (Alacant) hartu genuen eta Eivissa hiriburuan utzi gintuen. Behin uhartera iritsita, lotarako leku bila hasi ginen, izan ere arratsaldeko azken orduan iritsi ginen uhartera. Sant Josep de sa Talaia herrira joan ginen, Interneten irakurri baikenuen lo egiteko aparkaleku lasai bat zegoela komun publikoekin. Uharte hain txikia izanik egunero toki berean lo egitea erabaki genuen, izan ere edozein hondartzatara berehala iristen ginen.

Guk hondartza gutxi batzuk gozatu genituen, familian joanik, oso lasai ibili ginen. Hona hemen laburpentxo bat:

Cala Bassa. Benetan ikusgarria, ur gardena, zeru urdina… postal bat zirudien. Baina gure ezustea hondarra zapaldu genuenean izan zen, ia ur ertzeraino, bertako klubeko hamakak eta eguzkitakoak iristen zirela ikusi genuenean. Tokiak ederra izaten jarraitzen zuen, baina gure gusturako gehiegizkoa zen muntatuta zuten negozioa. Erreserbatutako toki horretan tatuaje pila bat zituzten mutil eta neska “ederrak” zeuden, silikona eta gezurretako betileak ziren nagusi. Futbolari ezagunak ere bai tartean.

Cala d’Hort. Hondartza oso berezia da, parean Es Vedra uharte txikia baitago. Ikuspegi itzela dauka. Es Vedra uhartearen parean dagoen menditxotik ilunabar zoragarriak ikusten dira, postal bat dirudi zure begien aurrekoak. Hango lasaitasuna ere ezin da hitzekin azaldu.

Platges de Comte. Tabernatxo bat eta dendatxo batzuk daude, baina leku “xumeak” dirudite. Hondartzetan, oro har, gazte giroa eta parrandarako giroa egon ohi da. Ez dira oso hondartza familiarrak, baina lekua zoragarria da. Hondartza horren parean ere uharte txiki bat dago eta oso berezi bihurtzen du paisaia.

Cala Xarraca. Hondartza horretan hondarra baino gehiago harri txikiak daude eta oinetako egokiak eramanez gero, primeran. Oso txikia da, baina xarma berezia du.

Hiriburua ezagutzeko parada ere izan genuen. Portuan luxua nagusi, berriro ere, itsasontzi, belaontzi eta yate ikaragarriak aparkatuta ikusteko aukera izan genuen. Alde zaharra ere berezia da, aldapatxo eta kalexka estuak harresi batez inguratuta.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide