Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Arroagoitik mundu zabalera jauzi egin duen esku pilotari profesionala da Naroa Agirre (2003). Ados Pilota klubeko pilotaria, Mexikotik itzuli berri da, han jokatu baitu Munduko Frontball Txapelketa. Euskal Herriko Unibertsitatean Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatu da berriki, eta gradua amaitu arteko azken hilabeteak esku pilota ikergai bihurtuta eman ditu. Arabiar jatorriko neskek zergatik ez duten pilotan parte hartzen hartu du ardatz Gradu Amaierako Lanean. Ikerketa horren ildoari jarraituz, eta Zestoako Udalaren proposamenez, esku pilota topaketak antolatu ditu haientzat.
Gertaerek markatzen dute bidea
Lanak Zestoako pilotalekua du abiaburu. Naroa Agirrek bertan jokatutako norgehiagoka amaitu zuenean, bosgarren mailako hainbat neska gerturatu zitzaizkion, arabiar jatorrikoak ziren. Berriketan zeudela, pilotan ibiltzen ote ziren galdetu zien; haurren erantzuna argia izan zen: ez, baina gustatuko litzaieke. “Tarteka frontoi zaharrera joaten omen ziren, baina pilotarik ez zutenez, ez zutela apenas jokatzen”, azaldu zioten. Argazkia aterata agurtu zuten elkar.
Neskek esandakoak “harriduraz” hartu zituen Naroak. “Pilotan ibiltzeko gogoa badute, zergatik ez dira ibiltzen, zein da arazoa?” galdetzen zion bere buruari. Hor, bere Gradu Amaierako Lanaren abiapuntua. Gerturatutako neskak arabiar jatorrikoak zirenez, haien inguruko lana izango zen.
Lehenik, Zestoako Pilota Eskolakoekin jarri zen harremanetan. Neska horiek ez zeudela apuntatuta, eta entrenamenduetara joateko aukera bazuten ere, ez zirela joaten esan zien. “Gerturatu zitzaizkidan haur horietako inor ez omen zen ibiltzen, eta arraroa egin zitzaidan pilotan aritu nahi zutela adierazi baitzidaten”, kontatzen du.
Ideia horri helduta ekin zion lanari. Elkarrizketa ugari egin eta informazioa jasotzeari ekin zion. “Zestoako arabiar nesken egoera nolakoa den jakiteko, beharrezko pertsonekin hitz egin nuen: instituzioetako ordezkariekin, gurasoekin, arabiar jatorriko herritarrekin…” azaldu du. Hala, beste kirol batzuetan parte hartzen zuten arabiar neskak bazirela ikusi zuen, baina esku pilotan, inor ez.
GRALeko tutorearen gomendioz, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikari batekin ere jarri zen harremanetan Agirre. Azken urteetako ikerketa-prozesu baten ondoren, jatorri anitzeko emakumeen artean jarduera fisikoa edota kirola sustatzeko programa abiatu berri zuten. Gipuzkoan, bereziki arabiar jatorriko neskentzat zuzendutako ekimenik ez zegoela ikusita, bidea egokia izan zitekeela ondorioztatu zuten. “Programak antzekotasun handiak zituen nire lanarekin; horregatik, haiek egindakoa erreferentziatzat hartzea eta nire lanaren premietara egokitzea gomendatu zidaten. Kontuan hartzekoa da, gainera, programa hori ikerketa-prozesu zabal baten ondorioz sortua dela”, dio Naroak.
Prozesua aurrera zihoan heinean, Agirre tarteka pilotan aritzeko elkartu zen neskekin. Zenbait Eskola Kirolak antolatutako topaketetan parte hartzera animatu ziren, baita Santakutz Pilota Txapelketan ere. Are gehiago, alebinen mailan parte-hartzaileen erdia baino gehiago arabiar jatorrikoak izan ziren.
Zergatik soilik arabiar neskentzat?
Naroak azaldu duenez, Foru Aldundiko langilearekin eta bere lantaldearekin harremanetan jarri zenean, adierazi zien urteetako ikerketek argi erakusten zutela emakumeek, bereziki etorkinek, bizi-estilo sedentarioagoa dutela.
“Haien programak erakutsi du parte-hartzea sustatzeko eraginkorrena talde espezifiko bati zuzendutako jarduerak antolatzea dela, horrela parte-hartzeaz gain, erosoago sentitzen direlako. Horregatik erabaki nuen jarduera hauek arabiar jatorriko neskentzat soilik egitea. Pilota Eskolan edonork eman zezakeen izena, baina hala ere, ez ziren apuntatzen”, azaltzen du Agirrek.
Haren esanetan, proiektua martxan jarrita, ikusiko dute ea neska gehiago animatzen diren etorkizunean. “Ingurune osoa emakumez osatua izatearen garrantzia ere nabarmendu zidaten: parte-hartzaileak ez ezik, entrenatzaileak ere bai”.
Badira proposamena begi onez ikusi dutenak
Naroak bere Gradu Amaierako Lanean neska haientzat hilabetean bi saio praktiko egitea proposatu zuen. Proposamen hutsetik, errealitate bihurtzeko aukerarekin topo egin zuen bidean. Zestoako Udaleko bi teknikarik, Alaitz Egañak (Jarduera Fisiko eta Kirol teknikaria) eta Nora Palmitanok (Euskara teknikaria), saio hauek Zestoan martxan jartzeko aukera jarri zioten mahai gainean. Zestoako Udaleko bi teknikarik, Alaitz Egaña (Jarduera Fisiko eta Kirol teknikaria) eta Nora Palmitano (Euskara teknikaria), saio bereziak antolatzeko aukera jarri zioten mahai gainean. Teknikariek diotenez, “Naroaren lana aukera moduan ikusi dugu. Gaian aditua den herritar batek herriko errealitatea aztertu du, beharrak identifikatu ditu, eta behar horietatik abiatuta proposamen praktikoa eraman du aurrera. Esku pilota tokian tokiko kirola izanik eta herrian indar handia duelarik, pilota sustatzeko modu egokia dela uste dugu”.
Azaldu dutenez, neska hauek jarduera fisikoa egiteko ez ezik, integraziorako bide egoki gisa ere ikusten dute egitasmoa. Haien parte-hartzea bultzatuta, integraziorako eta pilotan jarduteko aukera egokia eskaintzen dela uste dute.
Topaketak Zestoako Kiroldegian egingo dira, eta arabiar jatorriko neskentzat hilero bi pilota saio eskaintzea dute oinarri. “Saioak, bereziki, ludikotasunean oinarrituta egongo dira: ondo pasatzea izango da helburu nagusia, baina baita errendimendua hobetzean ere”, azaldu du Agirrek. Adinari dagokionez, egitasmoa nerabe eta nerabezaroaurrekoentzat pentsatuta dago, 10 eta 16 urte bitartekoentzat. “Gazteagoek parte hartu nahi badute ere, ateak zabalik izango dituzte eta moldatzeko prest egongo gara”, gehitu du. Saio hauen epe ertain eta luzerako helburua da haur hauek gainerakoekin batera pilotan parte hartzera iristea.
Proiektua Naroa bera kide den Ados Pilota Klubaren balioekin bat datorrela ere aipatu du. Klubaren helburu nagusietako bat emakume pilotari berriei frontoiaren ateak zabaltzea eta berdintasuna sustatzea da, “gure ondarea zaintzeari ere garrantzia emanez”. Naroaren proposamenak balio horiek praktikara eramaten ditu.
Azalpenentzako hitzordua
Agirrek herritar guztiei zuzendutako hitzaldia eskainiko du abenduaren 6an, Alonderon. Adierazi duenez, “gure nahia arabiar jatorriko gurasoak ere gerturatzea litzateke, azken batean praktikan arabiar neskak izango baitira jardueretan parte hartuko dutenak”.
Hitzaldiaren ardatza jarduera fisikoaren onurak izango dira. Alde batetik, bizi-estilo sedentarioak etorkizunean ekar ditzakeen kalteak azalduko ditu, eta bestetik, jarduera fisikoak dakartzan abantaila fisiko, mental eta sozialak nabarmenduko ditu.
“Integraziorako ere asko balio du kirolak; azken finean, nahiz eta eskupilota bakarkako kirola izan, entrenamenduak taldean egiten dira”, dio Naroak. Kirolak harremanak sendotzeko aukera ematen du, eta, bide batez, arabiar jatorriko haurrek euskal kulturara hurbiltzeko tresna eraginkorra izan daitekeela uste du.
Oihane Goikoetxea