Paperekoa

[ERREPORTAJEA] Zestoako DJ harrobia

Musikazalea naiz, aspaldidanik deitu izan dit atentzioa DJ munduak eta musika elektronikoak, eta duela urtebete inguru ikastaro bat egitera animatu nintzen, pare bat aparatu erosi nituen beste bi lagunekin batera eta musika nahasketa ezberdinekin saltseatzen hasi nintzen. Segituan ohartu nintzen, orduak eman beharko nizkiola horri, pentsatzen nuena baino lan gehiago dagoela atzean eta idealizatuta neukan mundu horren atzetik dagoen guztia baloratzen hasi nintzen. Ez dakit nire DJ ibilbidea noraino iritsiko den, baina miresmen eta ilusio handiarekin elkarrizketatu ditut herriko DJ-ak eta badaezpada apunteak hartu ere bai.

Zestoan pentsatzen nuena baino DJ harrobi zabalagoa eta batez ere anitzagoa dugu, guztiekin egotea nahi nuen arren zazpirekin egoteko tartea izan dut, batzuekin aurrez aurre, eta besteekin telefonoz. Beraien ibilbidea, lanak, grinak… ezagutu ditut, DJ eszenari buruz hausnartzeko aukera izan dugu eta herrian DJ jaialdia egitearekin fantaseatzeko astia ere izan dugu.  

Hasierak

DJ izatearen grinak kasu bakoitzean jatorri ezberdina izan du, baina guztiak musikazaletasunetik izan dira sortuak.

Alejo Orbegozori beti gustatu izan zaio elektronika, Jazzberri, Txitxaro eta horrelakoetara bakarrik ere joan izaten zen gaztetan, klubetako giroa beti gustatu izan zaio. Musika eskolan hasi zen instrumentuak jotzen, bandan ere aritu zen eta ondoren, Grises musika taldean hainbat urte egin zituen. Hemen hasi zen sintetizadoreak erabiltzen eta pixkanaka bere abestiak sortzen joan zen, gaur egun duen proiektua kaleratzeraino: Ke Lepo.

Hugo Gorospe ere musika eskolan hasi zen bateria jotzen, baina musika elektronikoa anaiaren eskutik ezagutu zuen, berari lapurtzen baitzizkion diskoak. Txitxarrora joaten zen 15-16 urterekin eta DJei begira geratzen zen. Erregetan anaiak bere lehen DJ mahaia oparitu zion eta hor hasi zen musika nahasten, pixkanaka. Gaur egun, geltoki zaharreko lokaleko bazkide da eta bertan aritzen da pintxatzen, eta hainbat lekutan aritu da DJ HGS izenpean.

Jose Espadak 29 urte daramatza biniloak pintxatzen. DJ Txanpainari plato batzuk eskatu zizkion, biniloak nahasten hasi zen eta ordutik jarraitzen du. Hamar urtez egon da geldirik, baina orain berreskuratu egin du eta gustura dabil. Bere DJ izena DJ Espade da. Juan eta biek elkarrekin pintxatzen dutenean Magnolia Crew deitzen dira.

Juan Azpillaga duela 29-30 urte hasi zen musika elektronikoa ezagutzen. Bera rock zale amorratua zen, baina egin zen lehen Doctor Music festibalean Morcheeba entzunez gerturatu zen elektronikara. Kontroladora erosi zuen, inoiz martxan jartzea lortu ez zuena eta urte batzuk beranduago Elbak erabiliko zuena. Eta bide horretan, Espadarekin hasi zen bere aparatuak ukitzen, cd-eekin ere ibili zen, eta digitalean. DJ Morango izenpean aritu izan da.

Elba Azpillaga ‘Elba DJ’-k aitarengandik jaso zuen transmisioa. Etxean entzuten zuen, aita Monegrosera joaten zela ikusten zuen eta berak egunen batean joan nahiko zuela esaten zuen. Nerabezaroan David Guetta eta antzerakoak entzuten hasi zen eta ondoren, beste elektronika mota bat entzuten hasi zen. Aitaren kontroladorarekin hasi zen trasteatzen, ondoren Espadarekin ere bai, eta bere 18. urtebetetze festan egin zuen lagun artean lehen pintxada. Ondoren, ekipoak hobetzen jarraitu zuen eta bere kasa ikasten.

Maia Ossa ‘Bad Sound Sister’, 2020an konfinamenduan hasi zen saltseatzen eta lehen kontroladora erosi zuen. Lagun artean hasi zen pintxatzen eta ondoren, herri mugimendu edo mugimendu queerretatik sortutako festetan. Euskal Herri osoa zeharkatu du.

Julio Vila ‘Julius MC’ Zumaiako institutuan ikasten zebilela Txitxarro aretoko nagusiaren alaba bere gelakidea zen. Behin, Txitxarron DJa behar zutela esan zioten, eta horrela arratsaldeetako saioak ezagutzen hasi zen. Bertan, gainera, beste DJ Zestoar bat zegoen, Angel, DJ DANGER, nirekin beti oso ondo portatu zena. Txitxarron praktikatzen hasi, eta pixkanaka, urtez urte, Euskadi, Espainia eta Frantziako klub mordoxkatan musika jartzera pasa zen. Egun modu profesionalean jarraitzen du sektorean.

Perfil eta estilo anitzak

Pixkakana bakoitza bere bidea egiten joan da eta aniztasun hori ikus daiteke bakoitzaren profiletan: Alejok, adibidez, gaur egun, musika nahastu baino, sortu egiten du bere sintetizadore eta abarrekin ekoitzitako soinu bitartez. Elektronika esperimentala, erritmorik gabea egiten duela dio. Espadak berriz, nahiz eta hainbat teknika probatu dituen, binilo DJa dela esan genezake, Ciudad Realeraino joaten da lagun bati diskoak erostera eta 3.500 disko inguru ditu. Hainbat musika estilo ukitu ditu eta gaur egun Acid house eta tekno acid estiloa berreskuratu ditu. Juanek house-a du gustuko, estilo humanoena dela dio, ahotsa sartzen du, organikoagoa da… “Elektronikak beti jokatzen du abantaila batekin: oinarria erritmoa da, eta horrek gure alde primitiboarekin konektatzen du nahitaez”. Elba house zalea da baita. Eguneko ebentoetarako house, funky, chillout estiloak ditu gustuko eta deep house eta teknoa gauerako. Hugok, berriz, bere estiloa gurpil-puzgarri batena dela dio, “nik puntz patz puntz pantz.. techno, house, deep… dut gustuko”. Adin bateko jendea dagoenean, rememberrera jartzea ere gustatzen zait. Eta Maiak, modu aldarrikatzaile, askatzaile modura bizi du musika espresio hau, bere musikaren ardatz nagusia reggetoia da, perreo klasikoa eta neoperrreoa. Tartean folklore ukituak sartzen ditu ere txoko guztietakoak Latinoamerikatik hasi, Euskal Herritik pasa eta Balkanetaino. “Niri dantzatzea asko gustatzen zait eta faltan botatzen nuen lasai perreatzeko giroa dagoen lekuak egotea, reggetoi komertzialetik haratago doan musikarekin” 

Baina, zer da DJ izatea?

Galdera erraza dirudi hasiera batean, baina ez da erraza definitzea. Giro sortzailea dela dio Juanek, “ez du zertan musika elektronikoa izan, nik hasieran hori uste nuen eta horregatik harritu nintzen 60. hamarkadako rocka pintxatzen zuen norbait entzutean”. Izatez, elektronika ez den beste genero bat pintxatzea zailagoa dela diote Espada eta Juanek, “DJ batek trantsizioari ematen dio garrantzia, kantu luze bat entzuten ari zarenaren sentsazioa lortzean datza, horri balio handia ematen zaio eta elektronikan abestiek erritmo eta melodia antzerakoak dituzte, rock edo reggetoiak ez bezala, beraz, azken hauekin pintxatzea zailagoa da.”

Elbarentzat gustatzen zaion zerbait egitea da, zaletasun bat, bere mundu artistikoaren beste espresio bat. Publikoari zabaltzean gustatzen bazaio hobe dio, “zergatik ez konpartitu gustatzen zaidan musika?”. Botoi bat sakatzetik haratago doan lana dela dio Elbak, “zentzua eman behar diozu saioari, giroa sortu eta horretarako atzetik askotan errekonozitzen ez den lan asko dago, musika aukeraketan…”.

Maiarentzat musikaz gozatzeko modua da, sorkuntzarako beste modu bat, eta baita bere beldur eta segurtasun-gabeziei aurre egiteko modua ere. “Publikoaren aurrean presente egotea zu bakarrik, giroaren arabera pintxatzen eta aldi berean zure estiloari eusten ahalik eta giro politena sortzeko helburuarekin, kanta aukeraketa luzea eginda aurretik etxean eta teknikoki ere egoera menperatzeko gai izatea ez da lan makala.”Juliok, berriz, musikaren bidez jendeak ondo pasatzea lortzen duen artista modura definitzen du zer den DJ izatea. Bi zailtasun azpimarratzen ditu, egoera animiko ezberdinetan dauden pertsonak erakarri behar direla saio berdinean eta batzuetan jendeak artistarengandik espero duenak ez duela bat egiten artista bizitzen ari den momentuarekin. Hugok dio DJ batek disfrutatu egiten duela pintxatzen dagoenean eta hori transmititu egiten dela publikoari, giro hori sortzen laguntzen duela. Alejok, teknika, materiala, plaza aurrean jartzeko adorea… azpimarratzen ditu eta sartu behar diren ordu guztien meritua.

Musika elektronikoa nola ulertzen da?

Ez dela ulertu behar den zerbait, sentitu behar dena baizik, diote denek. “Ez da mundu guztiari gustatzen zaion genero bat, portzentaje txiki bati baizik, ez da publikoki asko jartzen den musika, tabernetan, telebistan, irratian… beraz, zaila da guztiengana iristea.” diote Alejo eta Hugok. Alejoren kasuan batzuetan ez ulertua sentitu dela dio, baina altura hauetan jada horrek ez diola axola esan du.

Elbak izan dituen eguneko pintxaldietan normalean musika elektronikoa entzuten ez duten pertsonentzat pintxatzeko aukera izan du eta honela azaldu du: “niretzat musika elektronikoak erritmo bat du, beat bat, gorputzean sartzen zaigunean hori nahi gabe gorputza eta burua mugitzen hasten zaigu. Nahi gabe erritmo bat sortzen da zure gorputzean eta modu atsegin batean sartzen zaizunean hori da magia. Nahi gabean ongi sartzen zaizun musika da.”

Juanek Fran Zaparen esaldi bat aipatu du: “musika azaltzea, arkitektura dantzatzea bezala da”. Elektronika ulertzeko modu bakarra sentitzea dela dio, dantzatzea. “Aurreiritziak alde batera utzi eta zabaldu burua.”

Espadak ere sentitu behar den zerbait dela dio, gorputza dantzan jartzen dizula, baina baita burua ere. Ke Leporen adibidea jartzen du, musika horrekin burua jartzen zaiola dantzan.

Giro eta lekuak

Giro eta leku anitzetan izan dira guztiak, Julius MC eszenatoki handietaraino iritsi da, azkena BEC aretoan adibidez, baina herri eta auzoetako festetan, tabernetan, jaialdietan, ezkontzetan, arte galerietan, hainbat marken festetan, gaztetxeetan, bikini desfileetan, klubetan, azoketan, kintadetan…pintxatu izan dute herriko Djek. Gaur egun, hainbat leku eta momentutan topatu dezakegu DJ bat, gaueko zein eguneko ekitaldietan, egun argiz beste distira bat duela dio Juanek, musikaren indarra ez dela jaisten. Leku eta une bakoitzaren araberako irakurketa egin behar dute DJek saioa prestatzeko.

Bakoitzak bere lehentasunak ditu, Maiak adibidez, herri mugimendu edo queer mugimenduko festetan pintxatu ohi du, Elbak eguneko ebentoak ditu nahiago eta Alejok elektronikarekin lotura duen komunitatea dagoen lekutan joko luke gustura. Hugok zulo beltzak ditu gustuko, Ibizako diskoteka batean pintxatzea gustatuko litzaiokeela dio, baina aldi berean, lagun baten etxean mendi magalean, lagun artean egindako saio baten oroitzapen ederrak dituela dio baita ere. Juanek Elbarekin batera Zumaiako kintada festa batean egin zuten saioa ekarri du gogora, garai bateko musika jartzen aritu zirela eta oso ondo pasa zutela dio.

Leku eta une anitzetan topa dezakegu DJ bat, baina zentzua duen lekuetan pintxatzea dela gakoa dio Alejok: “energia hori sortzea da gakoa”. Eszenatoki handi batean egon zaitezke, baina agian jan egiten zaitu espazio horrek.

30 urte atzera eta orain

Guztiz aldatu den eszena dela esan genezake. “Disk Jockey” hitza zaharren kontua omen da, orain DJ esan behar dela esan zioten Espadari aurreko batean. Julio eta Espada biniloekin hasi ziren eta alde batetik bestera diskoz betetako maleta batekin joaten ziren pintxatzera, gaur egun, USB batekin joan zaitezke. Aparatuei dagokienez, DJ mahaietan pantaila gehiago daudela esan du Espadak.

Musika inguratzeko dugun irisgarritasun mugagabea azpimarratu du Juanek, klik batean lortu ditzakezula abestiak eta musika berria ezagutzea erraza dela, baina aldi berean, abaniko zabal horrek aukeraketa ona egiteko lana zailtzen duela ondorioztatu du eta ez baldin badakizu ondo zer nahi duzun, bidean errazago galtzeko aukera dagoela. “DJ on bat maleta on bat duena dela esaten zen lehen.”

Lehen DJek biniloen gailetak ezkutatzen zituztela kontatu du Espadak, eta orain Shazam-ekin segundoan dakizula zein den pintxatzen ari diren abestia. 

Entzuteko moduan ere aldaketa egon dela esan dute, “gaur egun zenbat pertsonek entzuten dute disko bat osorik? Artista batek diskoa kaleratzen duenean, normalean atzean istorio bat dago, zentzu bat du” dio Juanek. “Berehalakotasunaren kultura honen baitan, egun, abestiak gehienez hiru minutukoak izaten dira eta askotan saltoka entzuten ditugu” dio Espadak.

Aurreiritziak

Geroz eta ezagunagoa den arren, estigmatizatuta egon den musika mota izan da elektronika eta baita DJ mundua ere. Klub munduan entzuten zen musika zen eta lehen gaizki ikusita zegoen lokal horietara joatea, drogak eta gau ilunarekin erlazionatzen zelako. Baina baziren pasioz joaten zirenak ere, bertako energia, komunitatea, festak zuen zentzua, DJa… baloratzen zituztenak. Baziren Espada bezala, goizean esnatu eta Txitxarrora joaten zirenak ere.

Reggetoiaren inguruan ere aurreiritzi asko daudela esan daiteke, fama txarra du euskal giroan askotan, eta Maiak kontatu digu, duela gutxi, gizon bat gerturatu zitzaiola saio erdian eszenatokira, bera emakumea izanda nola ahal zuen musika hori jarri galdetuz. “Pentsaera hori badago. Aurreiritzi asko dago, klasismoa eta razismotik datorrena. Ohituta gaude perreoa ikuspuntu heteronormatibo batetik ikusten. Guk modu libre batean ikusten dugu, sexualizazio horretatik at.”

Gaur egungo DJ eszena

Geroz eta ohikoagoa da jaialdi eta festetako egitarauan DJ bat aurkitzea, proposamen ezberdinak ikustea, genero musikal anitzak entzutea, emakume gehiago ikustea oholtza gainean… baina oraindik egiteko tarte handia falta dela diote gure elkarrizketatuek. Apur bat modan jarri dela ere esan dute.

Elbak, esterako, gaur egun Bulego taldeko kide den ikuspegitik, musika eszena oro har, oso mundu lehiakorra dela dio: “Asko kritikatzen da jakin gabe. Lan asko dago atzetik eta ematen dituen fruituak ez dira hainbeste.” Gehitu du baita, DJ-ak bestelako musikariak baino maila baxukoagoak bezala ikusten direla eta oraindik eta baldintza prekariagoak dituztela. 

Maiak nahiko maskulinizatuta dagoen eszena dela esan du, “antolatzaile feminista eta queerrak bai kontratatzen dituzte perfil horretako artistak, baina ekitaldi publikoetan ez da genero ezberdinasun horrekin pentsatzen eta askotan kunplitzeko egiten den zerbait da. Geroz eta gehiago gaude, baina oraindik ez da parekidea”. 

Juliok musikalki bizitzen ari garen aberastasuna azpimarratu du, eta Avicii bezalako Djak izar bezala ikustea zoragarria iruditzen zaiola dio. 

Alejo orain Euskal Herriko eszena elektronikoan sartuta dago bete-betean, eta faltan botatzen ditu elektronikara bideratutako lekuak, oraindik beste herrialde batzuekin alderatuta oso eskas dagoela dio. Zestoan gazteak gogo eta talentuarekin datozela dio, baina beraiek pintxatzen duten musika motarentzat hemen bailaran ez dagoela apenas espaziorik diote.

Eta Zestoako DJ eszena?

Elkarrizketatutako zazpi lagunez gain beste bost genituen identifikatuta. DJ harrobia azken urteetan handitu egin dela esan genezake eta batzuk aktibo, hemen eta kanpoan, emanaldiz emanaldi dabiltza. Zestoa eta musika bat direla esan du Elbak, “beti egongo da Zestoan musikarekiko gertutasun hori”. Eskertuta azaldu dira herrian pintxatzeko aukera eman dieten guztiei, tabernak, gaztetxea, herriko festak, herriko eragileak… 

Hugok estazio zaharreko lokalaren funtzioa aipatu du, bertan sortzen diren harremanen garrantzia azpimarratuz. Alejok Zestoan dagoen komunitate berezia goraipatu nahi izan du, beti laguntzeko prest agertu direla bata besteari eta hori oso garrantzitsua dela batez ere hasieran. Adibidez sintetizadoreekin hasi zenean Juliok bere aparatu bat utzi ziola eta horrelako keinuak asko eskertzen direla, aipatu digu.

Zestoako herritarrak musika elektronikoarekiko dugun harremanari buruz galdetzean, Juliok, Zestoan betidanik musika elektronikoa proposamen arrotza bezala ulertu dela dio, nahiz eta, azken urteetan gazteen artean batez ere ikuspegi musikala zabaldu egin dela nabaritu duen. 

Publiko bezala zestoarrak farreroak eta katxondeo zaleak bezala identifikatu gaituzte, ez bereziki musika elektronikoaren aldekoak, baina bai musikaren aldekoak. Elektronikaren aldeko betiko herritar fidelak daudela diote eta beti ongietorriak sentitu direla. 

Zestoan DJ jaialdi batekin fantasetzen

Aske eta mugarik gabe amesten jarri dira, herrian DJ festibala egiteko proposamena botatzeko eskatzean. Ordutegiari dagokionez, egunez hasi eta batzuk gaualderarte eta besteak goizalderaino egingo luketela esan dute, pare bat eszenatoki jarriko lituzkete eta hainbat DJ proposamen jarri: Zestoako DJak, Euskal Herrikoak, kanpoko DJen bat ere ekarriko lukete… Hainbat musika estilo eta zentzu guztietan anitzak (jatorri, adin, genero…). Lekuari dagokionez, hainbat proposamen bota dituzte: Zestoako harrobian, futbol zelai zaharreko pump track-ean, Bainuetxeko zelaietan, Arroabeko Sakulupe parkean…

Handira jo gabe, onenak lagun artean egindakoak direla argi dute guztiek.

Sara Matsutani




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide