Albisteak

[ARGAZKIAK] Errota Harria txapelketarekin agurtu dituzte Iraetako santainesak

Hilaren 18an umeen egunarekin abiatu ziren Iraetako Santa Ines jaiak, eta atzo, igandez, eman zitzaien amaiera. Errota Harria harrijasotzaileen ikuskizunarekin esan zioten agur ekintzaz beteriko jai-egitarauari. Aurtengo edizioan ere, Mikel Lopetegi Urra zarauztarra izan zen garaile.

17:30ean hasita, Iraetako frontoia lepo bete zen harri-jasotzaileen lana bertatik bertara ikusteko. Malen Morandeira eta Lierni Osaren erakustaldiarekin hasi zen arratsaldea. Ondoren etorri zen txapelketa nagusia.  Guztira sei kirolari aritu ziren lehian: Xuban Zumeta, Oskar Aguas, Jon Gisasola Zelai V.a, Xabat Olaizola, Beñat Telleria eta Mikel Lopetegi Urra. 107,2 kilo pisatzen dituen Errota Harria bost minutuan ahalik eta altxaldi gehienetan jasotzea izan zuten erronka.

Lehen txandan, Olaizolak 37 jasoaldi egin zituen, Telleriak 39 eta Urrak 41. Altxaldi gehien egin zituzten hiru kirolariak izanik, bigarren txandarako sailkatu ziren, eta bertan berriz ere harri bera bost minutuko saioan jaso zuten.

Azken txandan, Olaizolak eta Telleriak 35na altxaldi egin zituzten; Urrak, berriz, 36. Guztira altxaldi gehien egin zituen kirolaria Mikel Lopetegi Urra izan zenez, Errota Harriako txapeldun izendatu zuten.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide