Eskertza Iñaki Azkuneri
— 2024-03-25Iñaki Azkunek Zestoako hiriaren alde egin duen lanengatik, eskertza egin diote Udaletxeko Areto Nagusian. Aitortza honetara berak ez zuen etortzerik izan osasun arazoengatik, eta bere familikoak jaso zituzten aitortza honen oroigarriak txalo artean.
Neuk ere aitortza honetara ez nuen joaterik izan familiako zereginak medio. Bestelakoan gustura hurbilduko nintzen bertara, berak egindako fabore txiki bat eskertzeko baineukan. Dena den,orain, lerro hauetan bidaliko dizkiot nire eskerrik beroenak jaso nuen mesedeagatik eta Zestoa eta Aizarnari egin dion lan zoragarriagatik, zer esanik ez.
Ez nituen hartu-eman handiak izan berarekin, baina izan nituenak interesgarriak izan ziren niretzako. Baita ere, esan beharra daukat, berak argitaratutako liburuak asko erabili ditudala Aizarnara begira dagoen webgune honetan.
Gogoan dut berarekin izan nuen solasaldi batean nola Aizarnako historiaren kontuak aztertu genituen eta Egañatarrenak batik bat. Berak bazekien Aizarnako historia ezagutzeko nuen zaletasuna, eta arlo honetarako egin zidan hain zuzen lehen aipaturiko laguntza.
Badakit berak gauzatutako lana egiteko artxibategi asko pasako zituela eta hauetako batean Aizarnaren aipamena aurkitu zuen Donostiako San Bartolome komentuan. Aipamen hau 1303. urtekoa dugu, errota bat erosi eta ondoren idatzi zuten egiaztagiri batekoa. Lope Martinez d·Aycarna lekuko bezala agertzen da agiri honetan. Garai haietan eta lekuko bazen Donostia aldean, esan liteke abizen hau zerbait zabaldua egongo zela Gipuzkoan. Beraz gure bailara edo hiri txiki hau aspaldikoa dela ezin ukatu.
Luze joan gabe hasi nadin eskerrak emateko argudioa zein den azaltzen, lehen aipaturiko dokumentu hau osorik eskura eman zidanekoa baita. Bera arduratu zen telefono dei bat egiteaz eta elkartzeko ordua jartzeaz. Elkarrizketa luze baten ondoren bera arduratu zen dokumentu hau nire eskuetan jartzeaz.
Banuen aurretik ere Aizarnaren lehen aipamen bat 1212. urtekoa; berak aurkitutakoa urte batzuk geroagokoa zen, baina esan beharra daukat gustura hartu nuela agiria hala ere.
Dokumentu hau berehala jarri nuen Aizarna.com webguneko lehen atalean.
Gaur egun ere bertan jarraitzen du nahi duenak irakurri. Jakinduria eta dokumentu zaharrak dituenak jendeari erakutsi ezean ez dute ezertarako balio, usteldu egiten dira eta hurrengo belaunaldiek ez dute berauen berririk izaten.
Lehen aipatu bezala eskerrak ematea besterik ez zait gelditzen Iñaki Azkuneri nirekin izan zuen detaile polit honengatik.
Jon Egiguren
Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta
erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten
duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide!
Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure
ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi
baduzu, egin zaitez bazkide.
Egin zaitez bazkide
Egin zaitez bazkide