Eskubide sozialak eta sozioekonomia lokala dira etorkizuna

Feminismoak beste behin jarri du gaia erdian, berdintasunik gabe nekez hitz egin dezakegu demokraziaz edo gizarte justiziaz. Emakume jaiotzeak, gizonezko jaiotzeak ez bezala, integritate arriskuak izateaz gain bizi proiektua garatzeko orduan zailtasun gehigarriak ditu. Berdintasuna justizia kontua da eta erakunde publiko asko, Zestoako Udala barne, genero ikuspegia lantzeko ez daude behar bezala prestatuta. Gizarte harremanak eta berdintasunerako udal batzordea sortuko dugu eta bertan eragile feministek merezi duten lekua izango dute.

Gizarte harremanetarako batzordetik mendekotasunean bizi diren adinekoen zaintzari arreta berezia jarriko diogu. Adinekoen zaintzarako, eskuinak eraiki nahi dituen makro proiektuekiko oso kritikoak gara, pertsonen ongizatea ezin da negoziorako erabili eta pertsonak erdigunean jartzen dituen ereduaren aldekoak gara. San Juan Egoitzako zerbitzuak gehitu, etxeetako zaintza indartu, eta bakarrik bizi diren zaharrei jarraipen prebentiboa egitea izango da gure konpromisoa.

Gero eta gizarte anitzagoan bizi gara eta Zestoan ere jatorri askotariko herritarrak bizi gara. Pertsona guztiok eskubide berdinak ditugu eta kanpotik etorritakoak herrian behar bezala integra daitezen udalak, gaiaz arduratzen diren eragileekin elkarlanean, oinarrizko laguntzak eta gure herriko hizkuntza eta kultur ezagutza bermatzea landu behar du. Bide horretan, euskarak kohesio eta komunikazio bitarteko nagusia izan behar du. Horretarako, maiztasun jakin batekin bilduko den elkartasun mahai baten sorrera bultzatuko dugu.

Etxebizitza eskubideak urratua izaten jarraitzen du, gure gazteek etxebizitza propioa izateko jabetza zein alokairua garestiegiak dira. Zestoan eraikitzeko dauden etxebizitzez gain, Kaleokerrean eta “Guztiok bat” zaharrean bukatu gabe eta geldirik dagoen eraikinean etxebizitza sozialerako parke publikoa eraikitzeko aukera ikusten dugu.