Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Larunbatean hasiko da Euskal Pilota Egokituko XV. Gipuzkoako Txapelketa Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Bertan, Jurdan Arakistain izango da parte-hartzaileetako bat, adimen urritasuneko teniseko paleta kategorian.
Txapelketak bi kategoria izango ditu: batetik, adimen urritasuna duten kirolarien txapelketa, eta bestetik, urritasun fisikoa duten kirolariena. Lehiaketa bi modalitatetan jokatuko da: buruz buru eta binaka. Adimen urritasuna duten kirolariek paletaz jokatuko dute, teniseko pilotarekin.
Lehendabiziko jardunaldia larunbatean izango da Zarautzen, goizeko 09:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara. Arratsaldean teniseko paletako buruz buruko partidak jokatuko dira, eta Jurdan Arakistain bertan arituko da. 16:00etan hasiko dira partidak, eta Jurdanek bi partida jokatuko ditu: lehenengoa Joseba Altunaren aurka eta seigarrena Iraitz Huegunen aurka.