Albisteak

Euskal Selekzioaren aldeko mendi martxarekin bat eginez afaria arkupetan

argazkia: mendimartxa.eus

Abuztuaren 5ean Euskal Selekzioaren aldeko mendi martxa pasako da Zestoatik. Hori dela eta, martxan datozenekin batera afaltzeko aukera izango da udaletxe azpian. Bertan parte hartzeko izena eman beharko da uztailaren 30erako Portale, Koiote edota Txoko Txiki tabernan. Oilaskoa letxugarekin eta postre izango dira afaritarako, 10 euroren truke.

Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxak 2000. urtean ekin zion ESAITen babespean bere ibilbideari. Ordutik, azken bi urte hauetako salbuespenarekin, urtero egin da martxa,  jada 19 edizio burutu dira. ESAIT desagertu zela 7 urte betetzen dira aurten, baina “Gu ere bai” ekimenak jarraitzen du martxa antolatzen. Euskal Selekzioen Aldeko Mendi Martxaren helburu nagusia “kirol arlo guztietan Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu eta nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko dugun eskubidea defendatzea” da.

Aurtengo martxa uztailaren 30ean hasiko da Ajangizen eta abuztuaren 6an amaituko da Getarian, “20 urte Mendi Martxan, Gu ere bai! Euskal Selekzioa Ofizialtasuna!” lemapean. Zortzi eguneko zeharkaldia izango da. Egunean bataz besteko 7-8 orduko ibilbideak egingo dira, goizeko zortzietan hasi eta arratsaldeko bostak aldera amaituta, tartean 18-25 km ibiliko dira. Informazioa gehiago mendimartxa.eus webgunean

LEOK´K taldearen kontzertua

Mendi Martxa pasatzen den egun berean, abuztuaren 5ean, LEOK´K taldearen kontzertua izango da plazan gaueko 22:30ean.”Bizirik hala ere” taldearen bosgarren diskoaren aurkezpen-kontzertua izango da berau.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide