Albisteak

Euskararekiko ilusioa hauspotu nahian

Modu formalean ez bada ere, “euskararekiko egoera hobe batetik gatoz”, hori da Euskararen Foroaren lauzpabost saioetan atera den nolabaiteko diagnostikoa. Horretaz gain, herriak beti eduki duen euskararen aldeko dinamika berrindartu nahi dute Foroko kideek.

Euskararen normalizazio eta kale erabileran eragiteko asmoz, euskara foroa sortzeko proposamena egin zuen martxoan Udalak. Egitasmo horren helburu nagusia, euskararen normalizazioan aurrera pausuak ematea da. Herriguneko hainbat eragilek hartzen dute bertan parte, euskararen arloan dabiltzanak zein hezkuntza arlokoak, baita bestelako norbanakoek ere. Hilean behineko maiztasunez elkartu dira orain artean eta dozena erdi bat bilera egin dira. Normalizazioan aurrera pausuak emate bidean, herrian erabilerak duen beheranzko joera iraultzeko estrategiak pentsatzea da ildoetako bat.

Herriguneko euskararen egoerak kezkatuta

Pasa den martxoan egindako aurreneko Euskara Foroan jada azaleratu zen bertaratutakoen kezka nabarmenena; haur eta gaztetxoen artean geroz eta gaztelera gehiago entzuten da. Amaia Manterola ikastetxeko zuzendariak argi esan zuen, patio ordutan, zenbait burbuilatan “gaztelera nagusitzen da”. Orain arte ezagutu ez ditugun bi fenomeno ari dira gertatzen.

Alde batetik, haur euskaldunek gero eta gaztelera gehiago erabiltzen dute, seguru asko pantaila eta teknologia berrien eraginez. Baina baita bikote mistoak (guraso bat erdalduna) gehiago direlako lehen baino.

Beste aldetik, asko handitu da kanpotik etorritako familien kopurua. Manterolaren esanetan, duela dozena erdi urte ingurura arte, etorkin erdaldunen kopurua bakana zen eta ikasle euskaldunen kopuruak ‘xurgatu’ egiten zituen hauek, eta era naturalean euskalduntzen ziren. Orain, kopurua handiagoa da eta gutxieneko euskara mailarik ez duten haurrek elkarrengana gerturatzeko joera dute eta horrek egoera zaildu egiten du.

Gaztelera ez dakarten etorkin familietan, gaztelera nagusitzen nola ari den ikusteak ere kezka sortzen du foroan eta familia hauek herrian integratzeko zailtasunez ere aritu dira. Komunitateek, bertakoak eta kanpoek, gerturatzeko, elkar ezagutzeko eta integratzeko zailtasunez.

Irailetik aurrerakoak

Euskara Foroaren ustez, eskola ordu edo aisialdi formalean, euskararen erabilerari eusten zaio, baina, hortik kanpo asko jaisten da erabilera. Bestalde, euskararik ez duten ikasle hauek, eskolaz kanpoko jardueretan ia ez dutela parte hartzen egiaztatu du foroak. Itxura guztien arabera, gizarte mailan dagoen arrakala horrek, eragina du eskolaz kanpoko aisialdian ere eta zuzenean eragiten du euskaran. Foroaren ustez, eskolaz kanpoko ekintzak dira biderik naturalena eta errazena, gazte etorkinak hizkuntzan eta kulturan integratzeko. Foroaren iraileko lehentasuna, ikasturte hasierarekin bat eginik, eskolaz kanpoko ekintzen eta aukeren informazioa familia guztietara iritsi dela bermatzea izango da. Horretarako eskaintzen berri ematen duen bideo labur bat egiten ari da hainbat hizkuntzatan eta herriko haur guztiek eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzeko aukera izango dutela ziurtatzeko, dirulaguntza lerro berri bat martxan jartzea aztertzen ari da Udala.

Ateak zabalik:

Dagoenekoz martxan den foroak herritarrentzat ateak zabalik izango ditu beti. Bertan parte hartu nahiko bazenu, bertaratu zaitezke hurrengo bilerara, urriaren 6an, 18:00etan Udaletxean. Bestela, udaleko Euskara Sailera deitu 943 147 010 edo euskara@zestoa.eus helbidera idatzi.

Jarraian, euskara foroan parte hartzen duten norbanakoek bertara gerturatzeko izan dituzten arrazoiak:

Aintzane Diaz: Egungo errealitateari erantzun bat emateko beharra aspalditik ikusten nuen. Ez bakarrik euskararen erabilerari dagokionez, baita kultura-aniztasunari dagokionez ere.

Esti Zabala: Herrian, Euskararen erabilera indartzeko premia dagoela uste dut.

Imanol Haro (UEMAko teknikaria): Hasieran, UEMAko teknikarien naizen aldetik, nire ikuspuntu teknikoa emateko asmoz etorri nintzen, baina orain gehiago ikusten dut neure burua beste herritar bat bezala, nahiz eta kanpotarra izan. Oso gustura ari naiz ikusten herritarrek euskararen normalizazioan protagonismoa hartu nahi izatea

Onintza Irureta: Pozik gerturatu naiz forora. Euskaraz bizi nahiko nuke eta tristetu egiten nau herrian erabilera ahultzen ari dela sumatzeak. Ea indarberritzeko gai garen.

Joseba Alberdi: Zestoan euskararen erabileraren gainbeherak arduratua nauka. Aldagai ezberdinei erreparatzeko eta ekimen egokiak bideratzeko baliagarria izango delakoan hurbildu naiz foro honetara, aletxoa jarri asmoz.

Igor Odriozola: Guraso elkarteko ordezkari moduan eta garai bateko Euskara Aholku Batzordekide izatearen aitzakian. Baina egia esan kezka handiarekin erabileran inflexio puntua egon daitekeelakoan. Urruti ikusten genuen galera etxera etorri izanaren inpotentziaz, ahal den neurrian laguntzeko, bereziki euskaldunok ahalduntzeko eta euskarari eusteko, ondorioz indar hori etorkinei transmititzeko.

Amaia Manterola: Eskolako errealitatea erabat aldatu da azken urteotan. Euskararen erabileraren inguruan, herri mailako hausnarketa eta esku-harmen bat egiteko beharra ikusten genuen.

Eta Nora Palmitano Euskara teknikariak zer dio?

Foroaz

Udalak deituta osatu da, bide bat baino gehiagotatik jasotako kezka bideratzeko. Jasotako erantzuna eta lan egiteko prestutasuna ikaragarria da. Ez nau harritu, zestoarrak beti agertu baitira prest euskararen alde lan egiteko.

Familia euskaldunetako haurrek gero eta erdara gehiago erabiltzeaz

Haurrak bai, pantailen eragina bai… baina zer gertatzen ari da etxeetan? Zer ikusten dugu helduok pantailetan? Zenbat toki eta denbora du gaztelerak gure etxeetan?

Haur etorkinen euskalduntzeaz

Gogoratu behar dugu euskaraz bizitzea herritar ororen eskubidea dela, baita haur etorkinena ere. Eskubide hori bermatzea administraziooi dagokigu (eskolari, udalari, Jaurlaritzari…), eta, momentuz, ez gara lortzen ari.

Gakoa non?

‘Integrazio’ hitza aldi batera utzi beharko genuke nire ustez, eta ‘bertakotzeaz’ pentsatzen hasi… begirada pixka bat zabaldu, abiapuntuan zein helmugan, euskaratik gizartera.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide