Paperekoa

EZ ADIORIK, KOMANDANTE! – Estitxu Elduaien

Jakin berritan, albisteak hondoratuta utzi nau. Zure egurrezko ohe soil horretan irudikatzen zaitut, behin eta berriz. Eta ni hemen, etxeko atarian, munduari zer esango pentsatzen, malkoak nola ezkutatu pentsatzen. Publizistaren batek esango luke hobe dela malkoak erakustea, mitoak malkopean sortzen direlako. Baina mitoak ez dira malkoetatik sortzen. Zu kanpalekuetako bandera eta metraila kolpez bilakatu zara izen handi. Guduak gure lurraren erraietan egiten du min. Zeharka dezakegun geografia zati bat, geu zeharkatzen gaituen hori baita gure benetako lurra, eta horrek egin baitzaitu mito.

Zortedun sentitzen naiz, aulki honetara zahartuta iristeagatik, espetxealdi eta torturak jasan arren; on puska aurpegia ez zait aldatu. Aurpegiera horrexek salbatu nau zuk bizitako eskarnio publikotik, abertzale eta traidoreen artean borrokatzera behartua izatetik, tirano deitura jasotzetik. Ez dut, zure moduan, erauntsi horren kontra tinko ibili beharrik izan, eta ez dut, hori, munduaren aurrean modu eredugarrian egin beharrik izan. Nik kreditu txartelen munduari egin behar izan diot aurre, kontsumitutako bizien kontra, horretarako gerrillarik ere ez dagoen honetan. Arretaz entzun didate, irri egin didate, txalo jo, baina euren bizitza hutsak kontsumitzen dituzten gauzekin betetzen jarraitzen dute. Eta zuri Kuba gelditzen zaizu, analfabetismorik gabe, osasun publiko sare ezin hobeagoarekin, kontinenteko hezkuntza bikainenarekin. Eta ni oraindik hemen, gudu zelaian, ahanzturaren kontra.

Bolibartar kontinentearen ilusio apurra agortu da: Hugoren joanarekin, Dilma eta Cristinaren irteerarekin, nire jarleku bakarrerako konfinamenduarekin. Umezurtz utzi gaituzunean, mundu honen zentzugabekeriak berriro jango gaitu. Iluna segika daukagu, eta gaur, lagun maite, zu bazoaz. Bukatu dira maitasuna eta garaipena zerien zure berriketaldi amaigabeak, gaztetua eta amildegi handienari aurre egiteko indarra ematen zidaten berriketaldiak. Entzuten ari natzaizu: “Ei xaharra, ez duk tristezian erortzeko unea! Haragi eta azal honi begira egoteari utzi eta borrokan segitu behar duk!”. Ekinez azken borrokara iritsiko garela? Zaila… baina ez ezinezkoa. Bitartean, Karibeko izar horri, agur eta ohore, eta garaipen egunera arte!

(Fidel Castro hil berriari norbaitek sare sozialetan idatzitako gutuna. Eguberrien atarian, erosi behar burugabeak eta karitate merkeak gaixotzen gaituzten guztioi eskainia.)

Ez adiorik, komandante.

Estitxu Elduaien

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide