“Ez da kasualitatea” bertso-saio musikatua izan genuen ostiralean

Aurreko ostiralean, ekainak 14, “Ez da kasualitatea” bertso-saio musikatua izan genuen arkupetan. Erniarraitz bertso-eskolak, Danbolinzulo Kultur Elkarteak, Bargaztak eta Zestoako AEK-k elkarlanean antolatu genuen ikuskizuna eta ederki pasa genuen iraun zuen ordubete pasatxoan.

Amaia Agirre izan zen gaiak jartzeaz arduratu zena eta lortu zuen saltsa oholtza gainera eramatea. Emakume eta generoarekin loturiko gaiak izan ziren nagusi, tartean baita Zestoari dagozkionak ere. Esate baterako, Malen Etxea. Aise ibili ziren Miren Amuriza, Uxue Alberdi eta Miren Artetxe.

Bestalde, hainbat herritar izan zituen konplize Agirrek. Ekitaldiaren momentu batean Aizpea Aristi herritarra igo zen oholtzara eta Miren Amuriza bertsolaria hunkitzea ere lortu zuen, bere ibilbideari gorazarre eginez. Jarraian jarri dugun bideoan, berriz, Itsaso Waliño, Lurdes Arregi eta Nerea Odriozola herritarrak ageri dira; bertsolariak, itxura-fisikoa eta estereotipoak erreferentzia bakartzat izanda, bakoitzaren adinaren, lanbidearen, jatorriaren… inguruko hipotesiak egin zituzten. Nahikoa barre egin genuen!

 

Besterik gabe, eta atzerapen pixka batekin bada ere, bideoarekin uzten zaituztegu. Eskerrik asko Danbolini bideoa grabatzeagatik!