Albisteak

Ezkabara irteera antolatu dute Udalak eta Agirok, eta dagoeneko eman daiteke izena

Zestoako Udalak eta Agiro Mendi Klubak Ezkabara irteera antolatu dute. GR 225 ibilbidea oinez egiteko txangoa izango da hain zuzen. GR 225 ibilbideak, Europan inoiz egin den ihesaldirik handienean ihes egitea lortu zutenen ibilbidea jarraitzen du. 1938ko maiatzaren 22an, gerra bete-betean zela, Iruñerriko San Kristobalgo gotorlekutik 800 inguru preso antifrankistek ihes egin zuten. Berehala faxistek sekulako jazarpena antolatu zuten, eta ihesean ziren 200 lagun inguru atxilotu eta fusilatu zituzten. Azkenean, 4 presok soilik lortu zuten ihes egin eta Ezkabako gotorlekutik Urepeleraino iristea.
Zestoako Udalak memoria historikoaren baitan egin dituen ekimenen artean ibilaldi hori egiteko asmoa zuen 2020an, baina pandemiaren ondorioz, bertan behera gelditu zen. Orain, Agiro Mendi Klubarekin elkarlanean, Ezkabatik Urepelerainoko lau etapak egin nahi dira, oinez, eta lehenengoa maiatzaren 21ean egingo dute. Berriozartik Olaberainoko 16 kilometroko ibilbidea egingo dute lehen etapa horretan. Ezkabako gotorlekutik pasako da ibilbidea, eta bertan preso izan ziren Agustin Unanue eta Pedro Areta Zestoarrak oroituko dira.
Ibilaldia amaitu ondoren, Basaburuako Jauntsarats jatetxean bazkaria izango da, eta bertako haritz erraldoia ikusteko aukera izango dute parte hartuko duten herritarrek. Txangoaren kostua 25 eurotakoa da, ikasle eta langabetuek 20 euro, garraioa eta bazkaria barne. Txangoan parte hartu nahi dutenek maiatzaren 18ra bitartean izango dute izena emateko aukera, Txoko Txiki okindegian. Kopuru mugatua izango da eta izena ahalik eta azkarren ematea gomendatzen da.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide