Albisteak

Ezkabatik Urepelerako bidea egin dute hainbat zestoarrek

Ezkabatik Urepelera arteko ibilaldiaren bigarren eta hirugarren etapak egin dituzte urriaren 15ean eta 16an hainbat herritarrek. Udalak eta Agiro mendi klubak elkarlanean antolatuta, Ezkabatik Urepelera arteko zeharkaldia egin da. Ibilbide honetan 1938an Ezkabako kartzelatik ihes egin eta mugaz bestalde pasatzea lortu zuen presoak eginiko bidea egin dute. Maiatzean egin zuten lehen etapa eta asteburu honetan egin dituzte falta ziren biak.

Larunbatean, mendian oinez hasi aurretik, Olaben dagoen hobi komuna bisitatu dute. Bertan daude lurperatuta Ezkabatik ihes egin ondoren fusilatu zituzten hainbat gazte. Ondoren, taldea bitan zatitu eta batzuk Olabetik Sorogainerako (29km) eta beste batzuek Saigotsetik Sorogainerako (14,5km) ibilbidea egin dituzte. Gaua Sorogaineko aterpean pasa eta igandean, Sorogaindik Urepelera (9km) iritsi da taldea. Bertan, ireki berri den herriko interpretazioa zentroa bisitatu, bazkaldu eta Zestoara itzuli dira.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide