Albisteak

Ezkaizto Auzo Elkartea: “2014an hasi ginen buru belarri bidegorriaren gaiarekin eta ez dugu aurrerabide handirik ikusten”

Joan den astean aurkeztu zuten Arroabean egingo duten biribilgunearen proiektua Udaleko areto nagusian. Honen aurrean, Arroarrek euren haserrea eta kezka adierazi dute Danbolini helarazitako gutun batean, baita pasa den ostiralean auzoan egindako elkarretaratzean ere.
Biribilgunearen proiektuan bidegorriaren balizko ibilbidea kontutan ez dela hartu salatu dute. “2014an hasi ginen buru belarri gai honekin, eta ez dugu aurrerabide handirik ikusten. Alderantziz, azkenaldian atzerakada izan da.” azaldu dute Ezkaizto Auzo Elkarteko kideek. Etengabekoak izan dira arroarrek egindako aldarriak. Jendearen babesa sentitzen zutela esan dute. “Inguru honetan bizi garenok ikusten dugu behar hori, baina ez horrela gure ordezkari direnek. Zestoako Udaletxean eta Gipuzkoako Batzar Orokorretan proiektuari behin betiko bultzada eman behar dioten alderdi politikoek, benetan sinesten al dute bidegorrian? erantzuna argia da: guztiek ez” azaldu dute.

Auzo txiki bati baino eragiten ez dion arazoa dela gehitu dute. “Gipuzkoa osoari eragiten dio. Egia da arroarrok ezinbesteko ikusten dugula bidegorria egitea, gure inguruko errepideak trafiko askokoak eta arriskutsuak direlako baina ez da gure kontua bakarrik” gehitu dute eta momentuz, bidegorritik kanpo pedalei eragiten jarraitu beharko dutela.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide