Albisteak
Gaztain erreak eta aldarrikapenak Arroabean Euskaraldiari ongi etorria emateko
— 2018-11-24Euskaraldiari ongi etorria emateko gaztainak erre zituzten atzo arratsaldean Arroabeko frontoian. Hamarnaka auzokide bildu ziren han eta oraindik txapa jaso gabe zutenek berea eskuratzeko aukera izan zuten.
Dena ez zen festa giroa izan ordea. Arroabeko Auzo Elkarteko kideek Bombas Azcue parean egingo duten biribilgunearen inguruko kezka eta haserrea salatu zuten atzo frontoian irakurritako idatzi batean. Arroarrak aspaldi hasi ziren biribilgunearen eta bidegorriaren aldeko aldarrikapenak egiten. “Duela pare bat urte aldarrikapenak kalera atera eta borroka areagotzea erabaki genuen. Udalaren partetik axolagabekeria, gezurrak eta errespetu falta baino ez ditugu jaso” azaldu zuten. Biribilgunea egiteko asmoaren berri jakin bezain laster Udalera jo zutela adierazi zuten auzotarrek eta hauen partetik inplikazio eta erantzun eza jaso zutela nabarmendu zuten. “Gure beldurrak egi bihurtu dira. Epe guztiak pasatu dira eta proiektua datorren astean onartuko da Gipuzkoako Foru Aldundian baina gu ez gaude etsitzeko prest”. Zuzenean arartekora jo dute auzotarrek, zer gertatu zaien azaltzeko eta datorren astean biribilgunearen proiektuaren moratoria bat eskatuko dute. Instituzioen lanaz gain, herritarrok lanean jarraitu behar dugu. Tamalez, hainbat arrazoi ditugu kalera irteteko” gehitu zuten.
Hemen dituzue atzo Arroabean hartutako argazki batzuk:
Egin zaitez bazkide