Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Duela hilabete hogei lagun inguru elkartu ziren aurtengo herriko jaiak antolatzeko lehen bileran. Bihar, asteartez, elkartuko dira bigarren aldiz, arratsaldeko 18:30ean, Alonderoko aretoan.
Lehen bilera hartan, besteak beste, festa egunak eta ekitaldi nagusien kokapena erabakitzeko saiakera egin zen. Printzipioz, jaiak irailaren 5ean, ostiral eguerdian, hasiko direla eta irailaren 8ra arte, astelehenera arte, luzatuko direla adostu zuten.
Biharko bileraren ardatzetako bat festa inklusiboago batzuk antolatzearena izango da. Aurreko saioan honen inguruko hausnarketa txiki bat egin bazuten ere, oraingoan sakonago aztertuko dute. Bestalde, jaien egitaraua osatzen jarraituko dute, hala nola, Gazte egunekoa nahiz Edadetuen egunekoa, musika ekitaldiak, ume eta gazteentzako ekitaldiak, kirol ekitaldiak, txupinazoa eta gainerako ekitaldiak. Festa Batzordean jasotako proposamen guztiak aurrekontuetara egokitzen diren ala ez ere baloratuko da.
Festa batzordearen bilerara azaltzearen garrantzia azpimarratu du oraingoan ere Udalak, bertan proposatutako ekitaldiek “erabateko lehentasuna” izango baitute jaien egitaraua osatzerakoan, beste guztien gainetik.