Albisteak

Festa giroa nagusituko da asteburuan

Ate joka ditugu Amabirjinak eta asteburu honetan ere izango da zer egin eta zer gozatu herrian. Bihar, larunbata, egun biribila izango da. Goizeko 11:00etan, X. Udako gazteen pilota txapelketako jokatuko da frontoi zaharrean. 13:00ean, Euskal presoen aldeko manifestazioa egingo da plazatik hasita eta ondoren presoen aldeko herri bazkaria, plazan.

Arratsaldean, berriz, XXXIV. Ondarbasoko Igoera jokatuko da. Guztira, 21 txirrindularik hartuko dute parte. Ondoren, sari banaketa egingo dute. 20:30ean, herriko batukada taldeak txoko guztiak alaituko ditu eta egunari amaiera emateko, Ezpalak eta Niña Coyote y Chico Tornado taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izango da iluntzeko 23:00etan hasita, Laranjadi plazan eta ondoren, DJ HGS-ren emanaldia.

Igandean, berriz, urtero legez, herriko edadetuei oroigarriak eskainiko zaizkie. Aurtengo omenduak Angela Aranbarri Elorza eta Jose Arizaga Larreategi izango dira. Horiekin batera, herrian bizi diren 86 eta 87 urteko guztiei omenaldia egingo diete eta oroigarriak eskainiko dizkiete. Ekitaldia Idiakaitz txistulari taldeak eta Itxaropena dantza taldeak alaituko dute. Gero, bazkaria egingo dute Bainuetxean Oñatiko Txomen alaituta.

Asteburua amaitzeko, arratsaldeko 19:00etan txistularien alardea egingo da plazan. Euskal Herriko 50 txistulari inguru, Kantuban Abesbatza, Metal boskotea, Alex Sardui, Xabier Saldias, Jagoba Astiazaran, Aitor Furundarena, Amaiur Caravajille, Iñigo Eskubi, Iñaki Telleria eta Jexix Mari Garmendia, Eider Iraola eta Aizpea Aristi abeslariak eta Zestoako Itxaropena dantza taldeko kideak izango dira bertan, Garikoitz Mendizabal txistulariaren zuzendaritzapean.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide