Paperekoa

Festatik bestondora – Estitxu Elduaien

Joan da Korrika; joan dira barreak, algarak, emozioak, kantuak eta festa. Eta itzuli gara egunerokora; egunez eguneko lanera, eginahalera eta, noski, bestondora.

Lagun batek eman dit notizia: Bermeon, berez eta izatez herri oso euskaldunean (herritarren % 73k daki euskaraz), kaleko elkarrizketen % 33,6 bakarrik egiten da euskaraz, eta gazteen artean, % 14,8 soilik. Gainerakoak, gaztelaniaz. Zur eta lur utzi nau. Jendeak badaki euskaraz, baina ez du egiten, non eta Bermeon. Kezkatuta daude herrian, eta zergatiak eta arrazoiak aztertzen hasi dira.

Nire lagun honek nahikoa garbi dauka tesia: erreferentzia euskaldunak falta ei dira Bermeon. Herriko bizitasuna apalduta omen dago; ez omen dago musika talderik, kultur eragile bizirik, kirolari erreferentzialik, euskaraz egiten duenik, eta, ondorioz, gazteek ez omen dute euskaraz egitearen erakargarritasunik sentitzen. Alegia, erreferente dituzten pertsonek gaztelaniaz egiten omen dute, edo ingelesez, eta haien ondoan galtzen omen du euskarak garrantzia, gazte horientzat.

Eta geurera begira jarri naiz. Harro esaten dugu herri euskaldunak garela bailaran; arnasguneak, euskaraz hitz egiteko paradisuak. Baina nire lagun horren tesia baieztatzen bada, ez daukagu deskuidatzerik. Bai, baditugu gurean kirolari euskaldunak, aukera emanda ere euskaraz egiten dutenak agerraldietan; baditugu musikariak, bai antzezleak, aurkezleak eta kazetariak; osasuntsu gaude itxura batean. Baina errezeloa dut gauzak aldatzen ari direla: euskara, gaztelera edo ingelesa, hirurak maila berean jartzen hasiak garela, erreferentzia guneetan, hitzaldietan, emanaldietan, komunikabideetan, sare sozialetan…

Ez gaitezen okertu: euskara, gaztelania eta ingelesa, ez daude maila berean. Ekin da bultza, euskarak behar du, gutxieneko hizkuntza delako oraindik. Korrikak, bere festa, indar eta guzti, bultzada hori irudikatzen duelako, eta beharra dagoelako egiten delako. Datuek erakusten dute; betiko herri euskaldunetan, euskararen erabilera jaisten ari da, eta ez Bermeon bakarrik.

Ez gaitezen deskuidatu ba. Bestondoari aurre egiteko modu onena festa sarriago egitea da, eta bestondotik festarako bidea daukagu orain egiteko, korrika, oinez edo balantzaka. Baina eginez. Euskaraz.

Estitxu Elduaien




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide

IRUZKINDU

Zure helbide elektronikoa ez da publiko egingo. *

Danbolin ez da hemen emandako iritzien kargu egiten.

Ez da irainik onartuko.

Danbolineko lan-taldeak, beharrezkoa izanez gero, edukiak ezabatzeko eskubidea du.