Paperekoa
Probintzianoak eta kapitalekoak – Jagoba Astiazaran
— 2017-04-28Bederatzi urte dira Donostiara bizitzera joan nintzela. Bederatzi urtez “probintziano” izan naiz “kapitalean”. Probintziano gara kapitalera joan arren, une oro “herritar” izaera aldarrikatzen dugunak. Easo plazako geltokiari “tren-geltokia” deitzen diogunak, eta ez Topo edo Metro. Probintzianoek ñoñostiarrek mespretxatzen dituzten hainbat kapitaleko folklorismo miresten ditugu, su artifizialak tarteko!
Gutxiesten gaituzten arren, konturatu naiz probintzianook ere asko daukagula erakusteko kapitaleko “ñoñoei”. Esaterako, haien “festa handia” deiturikoaren inguruan: danborrada! Hainbatetan entzun dugu, “probintzianook” geureganatu ditugula “kapitalekoen” festak, danborrada tarteko. Santakutzak gainean ditugun honetan, aldarrikapen bat egin nahi nuke Zestoako danborradaren alde. Donostian guztiz desitxuratu den festak Zestoan mantendu baitu berezko izaera.
Merezi ez duten arren, inongo ereserkirik “katxondoena” dute donostiarrek. Festarako deia eta desobedientzia bultzatzen dituen hitzak idatzi zituen Serafin Barojak, “Zestoako” Pio Barojaren aitak: “Gaurtandik gerora, penak txokora, festara! Dantzara! Donostiarrei oihu egitera gatoz, pozaldiz! Inauteriak datoz!
Mundu guztiko inauterien ezaugarri dira umorea, parodia eta satira. Inauterietan gizarte ordena urratu eta baimendu gabeko jokabideak onartzen dira. Danborradak ere desmadre horretan du jatorria, militarrei iseka eta burla egitean. Inauterietako konpartsa bat besterik ez da danborrada.
Gaur egun ordea, lerroak zuzen, uniformea distiratsu eta, hori bai, hogei entsaiorekin prestaturiko taldeak ateratzen dira harro kapitalean! Euskadiko Orkestra Sinfonikoak baino gehiago entsaiatzen dute danborrari bi kolpe emateko! Ba ote jarrera hori baino gauza militarragorik? Zer du inauteri eta desordenatik gaur egungo Donostiako danborradak?
Zestoarrak beti izan gara festazaleak, eta guk inauteriak maiatza arte luzatzen ditugu. Gurean ez da lerro zuzenik, ezta uniformerik ere (kamiseta koloredun bat, kasu gehienetan). Oihuak, algarak, festa eta dantza! Horixe da gure danborrada. Eta aldarrika dezagun kapitalekoen aurrean. Guk bai, mantentzen dugu Serafin Barojak nahi zuen espiritua! Jarrai dezagun horretan, “dantzatuz atabalak, danbor ta banderak” Gora Santakutzak!
Jagoba Astiazaran
Egin zaitez bazkide
IRUZKINDU