Albisteak

Foru Aldundiko Kultura Saileko kideak Udalarekin bildu dira

Argazkia: Zestoako Udala

Mari Jose Telleria Kultura diputatua eta bere lantaldea Mikel Arregi alkatearekin eta Zestoako kultur arloko beste hainbat ordezkarirekin bildu zen joan den astean. Herriko kultur eta historia ondareari lotutako proiektuak izan zituzten hizpide saioan. Mintzagai izan zituzten, besteak beste, Ekainberri, Lili Jauregia, Idiakaitz Denbora Lerroa proiektua edo Zestoako ondare arkeologiakoren garrantzia.

“Gipuzkoa eta Euskal Herriko ondare prehistorikorik aberatsenetakoa dagoen herrian bizi gara eta daukagun ondarea balorean jartzeko bi erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa da, Ekain kobaren erreplikaz gain, Lili jauregia kultur erabilpenerako baliatu eta Idiakaitz Denbora Lerroa proiektuaren gauzatzeak, Zestoa eta Urola erdia Euskal Herriko mapan kokatzen lagun dezake eta ahalegin horretan eskertzekoa da Foru Aldundiko Kultura departamenduaren laguntza” azaldu zuen alkateak. Maria Jose Telleriak adierazi zuen Zestoako kultura eta historiaurreko ondareak “balio handia” duela lurraldearentzat. “Udalarekin sintonia beti izan da ona, eta Kultura departamentuak Ekainberri eta Lili Jauregien erreplika esperientzia hobetzen jarraitu nahi du”.
Udalak eta Foru Aldundiko Kultura Sailak harremanetan jarraituko dute aurrerantzean, eta otsaila amaieran beste bilera bat egingo dute, “elkarlanaren nondik norakoak zehazten jarraitzeko”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide