Frankismoaren garaiak

Ez askotan, baina tertulia batzuetan entzun izan dut , frankismoaren erregimen politikoak eta gaurkoak ez duela desberdintasun handirik. Hau entzun eta pentsatzen hasten naiz garai zail haiekin, nire buruari esan ere bai, honek frankismo garaiko testuingururik ez du ezagutu edo erregimen hau gustuko zuen.

Hasteko esan behar, erregimen honen balioak hauek zirela: emakumearen menpekotasuna gizonarekiko ez zuen inork zalantzan jartzen; gizarte zibila militarraren menpe zegoen oso-osoan; eliza katolikoarekin uztartuta bizi ginen denak eta esparru honetatik kanpora hotz egiten zuen; adierazpen askatasuna hankapean zapaltzen zuten erregimenaren aldekoa izan ezik; biztanle xumea goi-mailako ikaskuntzara ezin zen iritsi, aberatsen pribilejioa bakarrik zen; euskararen erabilerak berriz aipatzerik ere ez du merezi eta hauek aipamen txiki batzuk besterik ez dira.

Aparte aipatu beharrekoa da agintariek aukeratzeko metodoa. Dena hierarkikoa zen, goitik beherakoa alegia, erdaraz esaten dena “a dedo”. Alderdiek ez zuten tokirik, eta gizarteak ezin zituen bere agintariak bozketen bidez aukeratu.

Denok dakigu erregimen hau nola inposatu zuten, bozketen bidez aukeratutako legitimitatezko Errepublika bat, guda baten bidez menperatu zutelako alegia.

Zertarako aipatu garai haiek, esango zuen honezkero irakurleak, baina badut arrazoi txiki bat horretarako: guda garaiko argazki zahar bateko testu bat irakurri ondoren hasi naiz lerro hauek idazten, argazkiak garai horrekin zer ikusia baitu.

Argazki hau, guda garaian Aizarnan egon zen Navas maisuak 1938. urtean gordetakoa da. Bertan irakur liteke gazteak irakurri behar ez dituen liburuen zerrenda luze bat, eta berau ministerioak eskoletara bidalitako agindu bat ere bada.

Zerrenda honetako liburu denak ez ditut ezagutzen, baina harridura sortu dit ezagutzen dudan liburu batek: Pio Barojak idatzitako “Zalacain el Aventurero” da. Berau irakurrita dudanez, galarazteko arrazoirik ez dut ikusten, idazlea baztertzeko izan ezik.

Zalakainek bizi zituen garaiak oso zailak ziren, txikitan pobrezia ezagutu zuen eta gaztetan karlista eta liberalen arteko guda bortitza ere bai. Testuinguru honetan bizimodua atera zuen gazte bat irudikatzen du Pio Barojak liburu honetan eta nik esango nuke gaurko marrazki bizidunak ere, egoera bortitzagoak erakusten dituztela askotan, auskalo ze baremo erabiltzen zituzten neurri hauek hartzerakoan.

Amaitzeko, liburu honetako pasarte bat aipatuko dut. Lizarran omen zegoen karlisten buruzagia eta honen sinadura behar zuen Zalakainek agindutako diru saria kobratzeko. Zumaian lur hartu eta Iraetan afaldu ondoren Zestoako Blas ostatuan pasa omen zuen gaua, gero Tolosatik zehar Lizarrara iristeko. Hala dio liburu honetan idazleak, izan ere Pio Barojak Zestoa ingurua ondo ezagutzen bazuen, bertan sendagilea izandakoa zelako zen.

Irakurri, zer nolako zerrenda luzea azaltzen den, 28/02/1938ko “ Hoja del lunes de Guipuzkoa” egunkarian.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>


 

 

 

 

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide