Albisteak
Frontoi zaharreko ezker pareta konpontzen hasi dira
— 2020-07-15Martxan dira Zestoako frontoi zaharreko ezker pareta konpontzeko lanak. Frontoia aire librean dagoenez, euriaren ondorioz ur asko sartzen da horman eta ezker pareta ustelduta zegoen, zulo askorekin. Udal brigada ari da pikatze lanak burutzen eta ondoren enpresa batek hormigoiz estaliko du guztia, pareta trinko-trinko eta txukun gera dadin.
Abantzu Pilota Klubak urte askotan zehar jaialdietako sarreren bitartez izandako superabita Udalaren esku jartzea erabaki zuen, baldin eta Udalak pilotarekin lotutako azpiegituta batean inbertitzen bazuen. Zati bat lan hau burutzeko izango da. 10.000 euro inguruko kostua izango du eta lanak datozen egunetan amaitzea aurreikusten da.
Harmailak eta frontoi inguruaren bulebarizazioa
Orain frontoi zaharreko ezker pareta konponduko den arren, epe motzean garatzeko beste hainbat proiektu ditu Udalak. Orain aulkiak dauden lekuan harmaila iraunkorra eraikiko da eta herritarren irisgarritasuna hobetzeko asmoz egun dauden koska handi horietan eskaileratxo batzuk egingo dira.
Horrekin batera, Laiak dendatik gurutzera bitarteko zatia bulebarizatzea ere aurreikusten da. Ibilgailuek bertatik ibili ahal izango dute, baina oinezkoentzat izango da.
Lan guzti hauek zatika egingo dira eta 2020ko azarorako dena bukatuta izatea da Udalaren nahia.
Egin zaitez bazkide