Albisteak

Gabon garaiko ekitaldirik ez dela egingo iragarri du Zestoako Udalak

Covid-19 pandemia dela eta, osasun agintaritzak gaurko egunez argitaratu dituen aginduak oinarri hartuta, Zestoako Udalak hainbat prebentzio neurri hartzea erabaki du Gabonetan.

Gabon ekitaldiak eta jaiak bertan utzi ditu Eusko Jaurlaritzak eta erabaki honen harira, ondorengo ekitaldiak ezingo direla egin iragarri du Udalak: Santo Tomas jaiak eta ekitaldi horrekin lotura izan dezaketenak, salmenta postuak eta abar, Gabon egunean egin ohi diren ekitaldiak eta kantu-taldeak: Olentzero, Jaiotza Bizirik eta abar, abenduaren 26ko Zoroperi eguna, San Silvestre lasterketa edo gainerako kirol-probak, errege kabalgatak eta pertsonen pilaketak sor ditzakeen antzeko beste edozein ekitaldi. Antolatzaileek ekitaldia horiek beste era batera egitea aztertu ahal izango dutela azaldu du Udalak, beti ere, irizpide nagusia jende pilaketak saihestea bada.

Ostalaritzaren irekiera

Establezimenduek terrazak udalaren ekaineko ebazpeneko mahai kopurua aintzat hartuta ireki ahal izango dituzte, eta barneko zerbitzua baimendutako edukieraren % 50era mugatuko da. Bihar indarrean sartuko den dekretuaren arabera, erabiltzaileek mahai baten inguruan eserita kontsumitu beharko dute eta zutik edo barran ezin izango da kontsumitu. Zestoako Udalak arduraz jokatu eta osasun gomendioak betetzen jarraitzeko deia luzatu du. Nahiz eta une hauetan herriko kutsatze intzidentzia herrialdeko apalenetakoa izan, irailean gertatu bezala, egun batetik bestera okerrera egin dezakeela gogorarazi du Udalak.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide