Albisteak

Gabon kantak herrigune eta auzoetako txokoetara iritsiko dira

Bihar egin guztian zehar entzungo ditugu herrigune eta auzoetan gabon kantak. Goizean goiz hasi eta iluntzera bitartean haur zein heldu ibiliko dira kaleak alaitzen.

Arroabean, auzoko etxe eta baserrietara joango dira goizeko 09:00etan hasita. Bombas Azkue lantokitik hasiko dira eta ondoren baserriz baserri ibiliko dira. Narrondora ere joango dira, eguerdi aldera eta arratsaldean, auzoko plazan bilduko dira, 16:30ak inguruan.

Iraeta eta Arroagoikoek aurten ere elkarrekin ospatuko dute abenduaren 24ko goiza. Iraetarrek auzoan abestuko dute 11:00ak aldera eta ondoren Arroagora igoko dira. 12:00ak inguruan Olentzero etorriko da Matraka baserri aldetik eta Arroagoiko eliz atarian jasoko ditu gutunak.

Zestoan, goizeko 11:00ak aldera kultur etxetik aterako dira katekesi taldekoak kantuan. Eguerdiko 13:00etan kontzertua eskainiko dute Zestoako banda eta Gabon Abesbatzak. Arratsaldeko 17:00etan aterako dira Gabon Abesbatzakoak kantuan eta 20:00ak alderako espero da udaletxe azpira iristea. Olentzero eta Mari Domingi berriz, 18:00ak aldera iritsiko dira Lau Iturrira. Ez dute ordu zehatzik, gehiegi ilundu aurretik iritsiko dira. Trikitilarien doinuan igoko dira plazara eta udaletxe azpian jasoko dituzte haur guztien gutunak.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide