Albisteak

Gabon Tuba kontzertua izango da abenduaren 16an

Azpeitiko Metal Boskoteak antolatuta eta Zestoako Udalaren laguntzarekin, Gabon Tuba kontzertua izango da abenduaren 16an eguerdiko 12:30ean arkupetan. Euskal Herriko hainbat herritan antolatu izan da kontzertu hau: Donostia, Donibane Lohitzune, Azpeitia, Hendaia, Urnieta, Angelu… Urte batzuetako etenaren ondoren, aurten Zestoan izango da kontzertua.

Tuba Christmas lehen edizioa 1974an ospatu zen New Yorkeko Rockefeller Centerreko izotz pistan. Ekimena Harvey Phillips tuba jotzaile, pedagogo eta sustatzaile estatubatuarrak abiatu zuen. Bere helburua William Bell, bere irakaslea eta historiako beste tuba jotzaile garrantzitsuenetako bat omentzea zen.

Gaur egun, mundu guztiko herrialde askotan egiten dira tuba eta bonbardino jotzaileak gabon kantak joz elkartzeko aitzakia duten kontzertu hauek.

Zestoan, 1974ko lehen edizio hartako moldaketa batzuk eta gure inguruko gabon kanta ezagunak entzuteko aukera izango da.

Kontzertura gerturatzeko asmoa dutenek izena emateko deia egin dute lotura honetan, kontzertuaren ondoren luntxa izango baita eta gutxi gorabehera zenbat jende izango den jakin nahi dutelako. Jarraian, Donostiako kontserbatorioko ikasleen kontzertua ikustera joateko plana ere luzatu dute. Bazkaria 15 euro izango da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide