Albisteak
Garikoitz Mendizabalek ‘2 Poliedro’ proiektua aurkeztuko du Zestoan
— 2016-04-14Larunbat honetan, 19:30ean hasita, Garikoitz Mendizabalek eta Aitor Furundarenak 2 Poliedro proiektua aurkeztuko dute Zestoako Udaletxeko pleno aretoan. Proiketu horren diskoa 2015. urte amaieran kaleratu zuten. 2 Poliedro proiektuak “Txistua eta Soinua oholtza berean, era natural, orekatu eta ordenatu batean elkartuta” aurkezten ditu. Mendizabalen esanetan “musikan mugak norberak zehazten ditu, tresnak berak baino askoz gehiago. Aske utzi ditugu txistua eta akordeoia, itxiturako langa zabaldu diegu, eta gu ohartzerako, bertatik atera eta bi poliedro eder marraztu dizkigute”.
Mendizabalek eta Furundarenak diotenez “Bata zein bestea, izaki bizidunen antzera, arnasari esker bizirik. Arnasa hori, ordea, bizirik irauteko eta soinua egiteko ezinbestekoa izateaz gain, erritmo eta doinuen oinarri ere bada. Arnas-hartze harmonikoa da musika proiektu honi zentzua ematen diona.” Emanaldian zehar Guridi, Sarasate, Vivaldi, Scarlatti, musika tradizionala, zeltiarra, antzinako musika… eta askoz gehiago entzuteko aukera izango da.
Txistua eta soinuaren ezohiko bateratze honek ganbera-kontzertu batera garamatza, hala ere, “honakoa bi lagunen arteko topalekua da gehiago. Musika egitea bilatzen duen sustrai eta ideien bilgunea” 2 Poliedroko kideek diotenez.
Egin zaitez bazkide