Albisteak

Gaur goizean jokatu dira IX. Gazteen pilota txapelketako finalak

Goizeko 11:00etan hasi dira partidak eta guztira, kategoria ezberdinetan sailkatutako bost partida jokatu dituzte. Alebin mailan, Ekain Azkuek eskuratu du txapela, Unai Lizarralderen aurka. Infantiletako bigarren mailan, Joanes Azkue nagusitu zaio Jon Sorazuri. Infatiletako lehen mailan, aldiz, Mattin Eizagirre izan da garaile Xabat Sasiainen aurka. Nesketan, Araitz Eizagirre eta Naroa Agirre arroarrak lehiatu dira garaipena eskuratzeko partidan eta azkenik, Eizagirrek eraman du txapela etxera. Azken partida, kadete mailako gazteena izan da. Aimar Egiguren eta Oier Alonsok jokatu dute Ibai Olaizola eta Aritz Larrañagaren aurka. Egiguren eta Alonsok irabazi dute norgehiagoka.

Sari banaketaren ondoren, “Hitza bete, frontoia orain” pankarta zabaldu eta Pilota Elkarteko kide, pilotari, guraso eta ikusleek argazkia atera dute. Elkarteko kideek azaldu dute kiroldegiko frontoiaren erabileraren aurrean Udalak ez dietela irtenbiderik ematen. Pasa den hilaren 14an agerraldia egin zuten kiroldegiko obrarekin gertatzen ari dena salatzeko. Agerraldian, urte amaiera arte pilotalekua erabiltzeko modurik izango ez dutela salatu zuten. Pilotazaleek esan zuten urriko bigarren hamabostaldirako frontoia erabilgarri ez badago, Zestoa ordezkatzen ari diren pilotari guztiak Gipuzkoako txapelketatik erretiratuko zituztela. “Badakigu erabaki gogorra dela eta elkartea eta pilotariak izango garela kaltetuenak baina jasan beharreko guztia jasan eta gero ez gaude adar jotze gehiago onartzeko prest” azaldu zuten.

 

Hauek dira finaletako emaitzak:

Ekain Azkue 18 – Unai Lizarralde 9

Joanes Azkue 18 – Jon Sorazu 11

Mattin Eizagirre 18 – Xabat Sasiain 6

Araitz Eizagirre 18 – Naroa Agirren 17

Aimar Egiguren/Oier Alonso 18 – Ibai Olaizola/Aritz Larrañaga 10

Ikusi frontoian hartutako argazkiak:

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide