Gaur, martxoak 15 indarrak batuta argiak itzaltzera goaz

Energia enpresa handiak, argindarraren prezioen igoera, lehengaien urritzea… pil-pilean diren gaiak dira. Eta askotan erabaki horiek gure esku ez daudela iruditzen bazaigu ere, gure txikitik asko dugu egiteko. Horretarako antolatu ditugu Zestoan energiaren inguruko jardunaldiak. GoiEner energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibako kideak izan genituen orain bi aste herrian, eta gaurko ekintzarekin osatuko dugu egitaraua, Azpeitiko Elkar-Ekin taldearekin elkarlanean antolatu dugun ‘Batu indarrak, itzali argiak’ ekimenarekin. Zestoan bezala Azpeitian 20:00-20:15 bitartean herriko argiak itzaliko dira. Energia enpresa handien gehiegikeria arazo globala bada ere, maila lokalean lan egitea tokatzen zaigu guri.

Negu betean gaude eta etxe asko dira energiaren gastuei aurre egin ezinda hotza pasatzen ari direnak, tartean haurrak. 300.000 biztanletik gora gara hego Euskal Herrian hotzari aurre egiteko arazoak ditugunak; 2008an geunden pertsonen bikoitza. Eta bitartean sektorea pribatizatzen doa eta gutxi batzuen interesei erantzuten die poltsikoak geroz eta gehiago puztuz.

Guk herritar bezala gure alea jarri nahi dugu, eta gure eskubidea dena defendatu eta aldarrikatzen dugu.

Zestoako Udalari eskatzen diogu bat egiteko ‘Batu indarrak, itzali argiak’ ekimenarekin, eta bat egiteko energia izatea guztion eskubidea denaren aldarrikapenarekin.

Hemen ekimenerako deialdia egiteko spot-a.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide