Gaurko bizikletek duten abantaila

Ni beti izan naiz teknologia berrien zalea  eta  azken urteetan  bizikletak  izan duen  aurrerakuntza teknologikoa   handia izan dela esan beharra daukat. Aurrerakuntza hauek   ikusi eta  berauek aipatzea dut helburu  ondorengo lerro hauetan.

Bizikletan   zerbait ibilitakoa naiz eta badakit errepidean eta mendian  ibiltzeak zer zailtasun dituen; batik bat  gailurrak lortu nahi dituzunean. Gailurra bistan  eta hankak “flakiyak” jota ( “pajara” deitzen  diote gaur egun), lotsagarria izaten da  lagunak utzi  eta  behera jaitsi beharra.

Une  hauetan, dituzun guztiak uzten dituzu bizikleta   gainean, eta   gorputzak ezinbestekoak  dituen osagarriak murriztu egiten dira. Honek ez dio batere laguntzen osasunari.

Badira urte batzuk, bizikleta utzi nuela, adinak  murriztu  egiten baitu kirolerako  gaitasuna,  eta abilezia zer esanik ez. Nik bizikleta garajean zintzilikatu nuen eta oinez ibiltzen hasi nintzen, garai hartan  ez baitzegoen egun dagoen abantaila hau. Urte batzuk igaro ondoren, nire adineko jendea “ txistu bizian” Aizarna zeharkatzen ikusten nuen  eta esan beharra daukat   inbidiak jaten ninduela  hauek ikustean.

Harridura sortzen zitzaidan  Santa Engrazia ermitara bizikleta  gainean  nola igotzen ziren ikustean ere,  eta denak ez  lirainak   gainera. Hauek ez dute ni bezala bizikleta  zintzilikatu. Nik ondo prestatutako jendea izango dek  nonbait, pentsatzen nuen. 

Laster konturatu nintzen bizikleta  hauek bazutela zerbait berezia eta hara nola jakin nuen motor txiki bat zutela ezkutuan. Bateria bat ere bai berau  energiaz hornitzeko. 

Ezin ukatu teknologiak asko arindu digula  eguneroko bizitza, nik hala esango nuke behintzat, eta  kirolean ere  zer esanik ez. Bizikletarekin mendi gailurretara edonor igo ahal izateak egiaztatzen du berau. 

Lehen oinez bakarrik igotzen ziren mendi gailurrak. Gaur bizikleta  hauekin  lasai igotzen dituzte, eta  kirola eginaz inguruetako paisaiekin gozatzea  ere abantaila handia dela ezin ukatu.

Mendi gailurrak aipatu ditut, baina errepidean ere ibilaldi luzeagoak egiteko aukera ematen digute, gorputzak dituen indarrak neurtzeko aukerarekin. Kirola eginaz errepidean gozatu, eta etxera lasaiago iristeko aukera  ematen digute berauek.

Mendiak zeharkatzeko, errepidean gozatzeko eta   aipatu gabe ezin utzi hirirako dituzten abantailak. Gero eta bisitari gehiago ikusten dira bizikleta  mota hauekin hiriak ezagutzen eta eguneroko mugikortasunean  ere lagungarri bihurtu dira tresna hauek. Tresna hauek ez dute  kutxatzen, beraz  hirian  gero eta gehiago ikusiko ditugu seguruenik. Nire iritziz   bizitza luzea izango dute  gure artean.

Egun herri sedentario batean bizi gara eta  kirola egitea ezinbestekoa bihurtu zaigu,  bestela gorputza herdoildu egiten baita burdina bezala. Goian aipatu bezala ikaragarri gustatzen zaizkit kirola egiteko garaian bizikleta hauek. Dena dela orain  oinez ibiltzeko ohitura hartuta dudanez, hala jarraituko dut aurrerantz ere, kirola egiteak  bizitza osasungarria lortzen laguntzen baitu.

Jon Egiguren

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide