Albisteak
Gaurtik aurrera maskaren erabilera derrigorrezkoa izango da
— 2020-05-21Espainiako Gobernuak atzo argitaratu zuen agindua Estatuko Aldizkari Ofizialean eta gaur sartu da indarrean. Gaurtik aurrera, sei urtetik gorako herritarrek maskara derrigorrez erabili beharko dute bi metroko distantzia gorde ezin daiteken leku publikoetan eta baita aire zabalean ere.
Hiru eta bost urte bitarteko haurrentzat gomendagarria izango da maskarak erabiltzea baina ez derrigorrezkoa. Arnasa hartzeko arazoak dituztenek edo beren osasu egoera dela eta maskarak kalte egingo dien pertsonek ez dute musukoa erabili beharko. Ahoa eta sudurra estaltzen dituen maskara higieniko edo kirurgikoak erabiltzea gomendatu dute.
Udala musukoak banatzen
Zestoako Udalak 500 maskara kirurgiko banatuko ditu gaurtik aurrera herritar guztien artean. Banaketa Udaltzaingoaren leihatilan egingo da eta herritar bakoitzari maskara bana emango zaio. Udalak jakinarazi du banaketa ostiralera arte edo 500 maskarak banatu arte egongo dela martxan. Leihatila goizeko 10:00etatik 12:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara egongo da irekita.
Bestalde, Udalak azaldu du maskara berrerabilgarriak egiteko materialaren zain daudela eta iritsi bitartean dauzkan maskara kirugikoak herritarren artean banatuko direla.
Egin zaitez bazkide