Albisteak

Gazte Asanbladaren 36.urtemugako festa egun handia izango da larunbatean

Gazte Asanblada 36. urtemugako ospakizunetan murgilduta dabil egunotan. Pasa den igandean eman zioten hasiera egitarauari, bigarren eskuko eta artisautza azokarekin. Hala ere, egun handia apirilaren 12an, larunbatez, izango da. Egun osoko egitaraua prestatu dute, mota guztietako ekintzekin.

Goizeko 11:00etan, scooter, skate eta bizikleta ikuskizuna eskainiko du Arauntzako YK Riders taldeak, Zubiaurren pump track pista berrian. Ikuskizuna zuzeneko musikarekin girotuko dute.

Ondoren, 13:00etan, Euskal Herriko gaztetxeei elkartasuna adierazteko taldeko argazkia egingo dute, “Gaztetxeak defendatu” lelopean. 14:00etan emango zaio hasiera bazkariari. Tiketak Mollergi tabernan eskuratu daitezke, 12 eurotan.

Arratsaldeko 19:00etatik aurrera, poteo musikatuarekin girotuko dituzte kaleak. Eguna amaitzeko, 22:00etan, bertsio gaua eta mikro ireki saioa egingo dira gaztetxean, ohi bezala.

Apirileko egitaraua

Apirilaren 15ean, 19:00etan, Santakutzetako batzar irekia egingo da Gaztetxean, eta auzolanak ere antolatu dituzte danborradarako: apirilaren 17an, 22an eta 24an.

Bukatzeko, apirilaren 24an, osteguna, 18:30etik aurrera ping pong txapelketa eta pintxo poteoa egingo dira Gaztetxean.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide