Albisteak

Gaztetxearen lehenengo urteurrena alaitasunez ospatu zuten atzo

Urtebete pasa da Zestoako Gazte Asanbladak Elizondo eraikina Gaztetxetzat hartu zuenetik. Bertan ekintza ugari antolatu dituzte azken 12 hilabeteetan eta nahiz eta eraikuntza uzteko agindua emana dagoen, gaztetxearen alde borrokan jarraitzeko asmoa adierazi dute. Horrela, atzo, otsailaren 24an, lehenengo urteurrena ospatu zuten. Eguerditik hasita gaueraino, urtebeteko ibilbidea giro ederrean ospatu zuten.

Eguerdian, Jon Gurrutxaga eta Gorka Pagonabarraga bertsolariekin batera bertso-poteoa egin zuten. Tabernak bete zituzten iritsi orduko eta bi bertsolari gazteek, saio dibertigarria osatu zuten, herriko gazteen masailak kolore gorritzen zituzten bitartean. Ondoren, indarrak hartzeko bazkaria egin zuten gaztetxean bertan. Arratsaldean herri-kirolen txanda izan zen, udaletxeko arkupeak ere jendez bete ziren ikuskizunaz gozatzeko. Lierni Osa, Maddi Gesalaga eta Jon Lapeira harri jasotzaileak eta Julen Odriozola eta Joseba Aramendi zestoarrak lehiatu ziren euren artean. Aritz Olaizola zestoarrak, “Xolomok” 50na kiloko bi txinga hartuta, herri kirol ikuskizunaren parte izan zen ere. Tamalez, eguraldia zela eta pilota partidak bertan-behera geratu ziren. Urteurrena borobiltzeko, Istilu, Tiratxinas eta Berandu baino lehen taldeen kontzertuekin amaitu zuten ospakizuna.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide