Gaztetxeko XXXII. urtemuga

Ikasturte honetarako Zestuko Gazte Asanbladatik genuen asmoa, gure jardunaren zati handiena herriarentzako aisialdi ekimen alternatiboak aurrera eramatea zen; izan ere, oso garbi ikusten dugu gure inguruan aisialdi eskaintza nagusiek kontsumoarekin duten lotura zuzena. Honen ondorioz, egun sozializatu ahal izateko kontsumitzea eta beraz, dirua gastatzea ezinbesteko baldintza bihurtu da. Horregatik, asanbladako kideok, gaztetxea bezalako espazioen bitartez kontsumotik haratago dagoen aisialdi eredu bat eskaini nahi dugu.

Beraz, aurtengo apirilean zehar, aurreko urtean ez bezala, gaztetxearen XXXII.Urtemuga antolatu genuen, honen bidez, herriari eskaintza kultural nahiz politikoa emateko asmoz.

Eskaintza hau emateko garaian, COVID-19ak ekarritako arazo eta neurriak direla medio, zailtasun eta gorabehera asko izan ditugu gure helburua aurrera eramaterako orduan, esaterako; 40 laguneko gehienezko edukiera, protokoloak direla eta barra irekita edukitzeko zailtasunak, bertso bazkaria egitea galarazi zitzaigunez bertso saioa egin beharra…Honi daukagun azpiegiturak lehenagotik dituen arazo estrukturalak (larrialdiko irteera eza, sarrera ez egokia guztientzat, kontzertuetarako soinu arazoak…) gehitu zitzaizkion eta ondorioz ezin izan ditugu pentsatuta genituen ekimen gehienak aurrera eraman.

Egoerari aterabide bat eman nahian Ezpalaken kontzertua bi egunetan egitea pentsatu genuen jende gehiago joan ahal izateko (apirilak 17 eta 18). Ordea, taldeko kide batek konfinatu egin behar izan zuen eta data aldaketa egitea erabaki genuen, sarrera guztiak salduta daudela kontuan izanda. Apirilak 17rako sarrera dutenak maiatzak 22ko kontzertura joateko aukera izango dute, sarrera berdinarekin. Aldiz, apirilak 18koa maiatzak 23ra pasatu da. Data berrietan joan ezin duten pertsonen sarrerak, berriz ere, Portale tabernan jarriko ditugu salgai.

Hala ere, urtemuga ez da inolaz ere ezerezean gelditu. Jende ugari hurbildu da antolatu eta aurrera eramateko aukera izan dugun ekintza eta jarduera ezberdinetara. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkizuegu gaztetxera azaldu zareten guztioi.

Amaitzeko aurrera begira elkartasun jaialdi bat antolatu dugula aipatu nahiko genuke, zehazki: maiatzak 15 eta maiatzak 16an. Bi egunetan, arratsaldeko 18:00tan Rodeo taldeak kontzertua eskainiko du. Bertan lortutako etekin ekonomikoa ERRAKI (langile kontrolpeko espazioen babes sarea) -ren erresistentzia kutxa nazionalera indartzera bideratuko da, espazioen defentsak ekartzen dituzten kostu ezberdinei aurre egiteko.

Z.G.A