Albisteak

“Genozidioa stop” lemapean Palestinaren aldeko kontzentrazioa egin da eguerdian

Gernika Palestina Herri Ekimenak deituta mobilizazioa egin da eguerdiko 13:00etan herriko plazan.

Elkarretaratzean zehar duela ehun urte jaio zen Vicent Andres Estelles idazle eta poeta valentziarraren ‘Assumiras la veu d’un poble’ poesia entzun duzue euskarara itzulita. 1971n argitaratutako poesia oraindik ere aktuala. Amaieran, berriz, Gernika-Palestina herri ekimenak biharko deitutako mobilizazioetarako prestatutako adierazpena irakurri da:

Irudika al dezakegu lurrik gabeko herri bat, lurralderik gabeko nazio bat? Irudika al dezakegu 1948tik Israelek behartu duen exodo palestinarra? Irudika al dezakegu istant batez, zer den norberaren etxea, auzoa, olibondoak, itsasoa, abandonatzea? Irudika al dezakegu M. Darwish poeta handiak zioen bezala, ausentzia mapa bat?
Ezerk ez du inoren lurraldea okupatzea legitimatzen, ezta gerren ondorio krudelak ere, ez eta populazio oso bat  suntsitzea, giltzapetzea, edota ukatzea ere. 2024. urte honetan, ordea, inoiz gertatu den genozidiorik krudelenetariko baten lekuko gara, eta halere, nazioarteko komunitateak ez du izugarrikeria honekin bukatzea lortu. Izugarrikeria diogu, bi daturen bidez soilik ikusaraz dezakegulako genozidio palestinarraren irismena: Israelgo armadak, Israelgo estatuak alegia, dagoeneko 41.000 palestinar erail ditu, eta Gazako kaleen eta azpiegituren %70 suntsitu ditu. Bi
datu soilik, ondorio humano, sozial eta politiko larriak dituen Nakbha baten aurrean gaudela baieztatzeko. Israelek Libanori eraso eginda, milaka hildako eta suntsipen gehiago eragingo duen urratsa egin du. Non eta nola amaituko den ez dakigun espirala abiatu da.
Horrek guztiak nazioarteko ordenaren noraezaren zantzuak azaldu dizkigu. Gaur-gaurkoz, nazioarteko komunitatea ez delako gai izan, II. Mundu Gerraren ondoren eraikitako orube legalean oinarriturik, Israelen inpunitatearekin amaitzeko, eta Palestinaren biztanleagoari segurtasuna eta itxaropena bermatzeko.
Honakoa da aldarrikatzen eta exijitzen duguna:
• Palestinarrek berehalako su-etena behar dute, armak isil daitezen, eta buka dadin Israelek egindako okupazio koloniala.
• Mendebaldeko estatuek gelditu egin behar dituzte Israelgo Estatuari egindako arma eta baliabide militarren erosketa eta salmenta.
• Inongo estatu edota potentziaren ingerientziarik eza Palestinan, eta bere autodeterminazio-eskubidearen errespetua funtsezko abiapuntutzat jotzen ditugu. Palestinako biztanleek baliabide material eta politikoak behar dituzte beraien lurraldean gelditu eta duintasunez bizi ahal izateko.
• Bake justu, egonkor eta iraunkorra helburu, elkarrizketa eta negoziazioa dira egoera krudel honi irtenbidea emateko elementu nagusiak. Nazioarteko komunitatearen parte-hartze aktiboa funtsezko gakoa da. Horren bidez, aldeak negoziatzera bultzatu, eta Nazioarteko Zuzenbidean eta NBEren ebazpenak zorrotz betetzeko modu bakarra da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide