Albisteak

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Iraeta-Narrondo bidegorria amaitzeko jarrera baikorra azaldu dute

Arroabeko hainbat ordezkari Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan ziren ostegunean, Mugikortasun Batzordeak gonbidatuta, Iraeta eta Narrondo arteko bidegorria amaitzeko eskatuz.

EAJ, EH Bildu, Ahal Dugu eta PSE-EE alderiak izan ziren bileran, Gipuzkoako Batzar Nagusiak osatzen dituzten alderdi guztiak, PP izan ezik. Bileran zeuden alderdi guztiek bat egin zuten Arroabeko bizilagunen eskaerarekin.

Hurrengo pausoa ere zehaztu zuten Arroabeko ordezkariek: Foru Aldundiko Mugikortasun Sailaren arduradunarekin bilera bat egitea. Zehazki, herritarren presentzia izango duen bilera bat eskatu zuten, Josetxo Mendizabal Zestoako Alkatearekin eta Marisol Garmendia Mugikortasun diputatuarekin. Foru Aldundiko kideek bilera hori egiteko konpromisoa hartu zuten osteguneko saioan.

Arroabeko herritarrek adierazi dutenez “pozgarria da alderdi denak bidegorria amaitzearen alde agertzea, baina orain garrantzitsuena hitzak ekintza bihurtu eta behingoz bidegorria amaitzea da”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide