Gorka

Mundu xahar hau loteria bezalakoa da. Segun-eta non jaiotzen zaren, segun-eta zein garaitan tokatu zaizun bizitzea, segun-eta zer moduz moldatu zaren existitzeari aurre egiten, zure bizitza izan daiteke zoriontsua edota bidean gera zintezke aurrera egin ezinik. Bizitza honetako karta-jokoan tokatu zaizkizun karten arabera, bizitzan zoriontasun apur bat lor dezakezu edota jostailu apurtu bat izan zintezke.

Nagore Telleriak artikulu ausart bezain zoragarri batean zioen bezala (Danbolin, 2016ko urtarrila) urte gogorrak izan ziren 1980ko hamarkadako haiek eta ondorengoak. Ikaragarrizko langabezia toki guztietan, eta gurean Erdikalea topera eguerdietan. “Asko eta asko ibili ginen muga-mugan”, zioten elkarrizketatuek; eta “errudun juzgatzen gintuzten drogazaleak, ez garaiaren biktima bezala.”

Droga zela-eta, zenbat sufrimendu pilatu zen neska eta mutil eta familia haietan? Zenbat indiferentzia gure partetik? Edo okerragoa zena, zenbat zestoarri begiratu genien nazka aurpegiarekin, apestatuak balira bezala?

Denbora asko pasa da ordutik, eta hura ahalik eta azkarren ahaztu nahi izan bagenu bezala, garai haiek akordarazi ditzaketen txokoak edo bazterrak desagertu egin dira; edo aldatu, ezer gertatu ez balitz bezala. Esate baterako, Kultur Etxea zaharragoa da orain, gaztetxea ere bai, baina ezerk ez du adierazten han zer gertatu zen. Begi finekin begiratuz gero ordea, hor daude aztarnak: jendearen begiradetatik gordetzeko lekuak; etxetik botatakoan lotarako erabili ohi zen tokia; atea falta zaion komuna; heriotzaren eta bizitzaren arteko borroka izan zen lekua; gurasoak eta lagunek negar egindako tokiak… Horiek denak han daude oraindik.

Larunbat goiza zen; 1998ko ekainaren 6a. Kultur Etxeko bulegora etorri nintzen lanera. Madrilen, Bartzelonan, batean eta bestean, bildutako ehunka postal zahar banituen eta haiei argazkiak ateratzea pentsatu nuen, Udalak kopiak izan zitzan. Ordu pare bat egin nituen lanean. Gero, atseden pixka bat hartzea pentsatu nuen. Goizeko hamaikak edo horrela izango ziren. Komunera abiatu nintzen. Atea krisketaz itxita zegoen gizonezkoenean. Norbait sartuko zuan, pentsatu nuen. Berriro bulegora bueltatu nintzen eta handik pixka batera abiatu nintzen berriro komunera. Ateak itxita jarraitzen zuen. Atea jo nuen eta norbait al zegoen galdetu nuen. Inork ez zidan erantzun. Hemen ez duk gauza onik, pentsatu nuen. Berehala bururatu zitzaidan zein izan zitekeen han barruan zegoena, askotan erabiltzen zuen-eta Kultur Etxeko komuna.

Handik aurrera gertatutakoak ez ditut hemen kontatuko oso gauza pertsonalak dira-eta: Larrialdietara deitzea. Ertzainak. Anbulantzia. Medikuak. Ama, aita, neska-laguna. Erreanimazioa. Ea eta ea, ea eta ea berriro… Negarra. Samina. Negarra. Lur jota. Epailearen zain. Txostena. Autopsia…

Hura gertatu eta zortzi urte pasa ziren arte ez nuen jakin nola hitz egin gai hartaz haren gurasoekin. Nola azaldu daiteke hitzekin sufrimendua? Nola atera indarra gertatutako hura kontatzeko? Nola asmatu kontatutakoa haientzako lagungarri, haien saminaren gozagarri, izan zedin?

Gaur oraindik, nire buruak ezin du ulertu. Sufrimendua. Zergatik sufritu behar dugu mundu honetan? Zergatik gazte batek, bere bizitzaren loraldian, hil egin behar du horrela? Bizitza honetan erantzun ezin ditugun galderak.

Kultur Etxeko apopilo izan hindugun, Gorka, eguna joan eguna etorri; udaberriko enaren gisa hemen huen hire habia. Ameslaria hintzen, eta mendizalea, eta intsumisoa, eta kritikoa… bestelako mundu baten alde borrokan. Bidean geratu hintzen, bizitza honek jartzen dituen zangotrabak tarteko. Hutsune izugarria laga huen maite hindutenen bihotzetan. Hitzekin eta oroimenarekin bete ezin den hutsunea.


“Arratsean, suaren ondoan, askotan etorri izan zait gogora
txori baten heriotza, nonbait, basoetan.
Negu geldoaren egun goibeletako,
habia huts gaixoak, habia abandonatuak,
haizearekin kulunka burdinezko zeru grisean.
Ai! Txorien hil-beharra neguan!
Helduko da, halere, bioleten sasoia
eta ez dugu haien hexurrik aurkituko
apirileko belardietan paseoan gabiltzala.
Gorde egiten al dira txoriak hiltzeko?”

(Hitzak: François Coppée // Errezitatzailea: Bernardo Atxaga)

Gorkaren gurasoei eta familiari, bihotzez eta maitasunez, (eta antzeko egoera sufritu duten guztiei)




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide