Gu ere euren oinetan jarriko gara

Zestoako Txoko Feministak abenduaren 22rako ‘Jarri gaitezen euren oinetan. Sinesten dizugulako, elkartasunari erasorik ez’ lelopean deitutako elkarretaratzeari atxikimendua ematen dio Portale Kultur Elkarteak.

Gure herria ere ez da biolentzia matxistatik libre, eta Zestoan badira emakume erasotu bati babesa eta elkartasuna emateagatik salaketa jaso duten hainbat pertsona.
Txoko Feministak herriko elkarte eta eragileei deialdiari atxikimendua emateko eskaera egin die, eta uste dugu Portalek ere deialdi honekin bat egin behar duela. Talde Feministak zabaldutako testuan jartzen duenarekin bat gatoz: “elkartasuna ez da delitua eta ezin da kriminalizatu”. Sinetsita gaude oraindik ere pauso asko geratzen direla gizarte eta sistema judizial patriarkalarekin amaitzeko, baina ezin dugu ezikusiarena egin. Gure aletxoa jartzea beharrezkoa iruditzen zaigu.
Portale Kulturguneko langileek asteburuan ateratako argazkiarekin gure babesa adierazi nahi diogu larunbateko deialdiari, eta herritar guztiei arratsaldeko 19:00etan plazara gerturatzeko gonbidapena bidaltzen diegu.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide