Albisteak

Gure Esku Dago: “Ezinezkoa ezinezko baita errealitate bihurtzen den arte”

Atzo Zestoan egindako herri galdeketako emaitzak jakinarazi aurretik, Hitziturriko kideek balorazio positiboa egin zuten, “zifra txukunak lortu direla pentsatzen dugu. Horretaz gain, uste dugu, gaurko egunak balio izan duela hurrengo ekintzetarako beste katebegi batzuk gehitzen joateko ere”. “Herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, bereziki parte hartu duten herritarrei eta galdeketa posible egin dutenei” adieraziz eman zioten amaiera egunari.

Aurretik Gure Esku Dago ekimenaren adierazpen bat ere irakurri zuten. “Gaur hainbat herritarrek erabakiaren bidean atzera bueltarik gabeko urrats historiko bat egin dugu, 52 herritan demokraziaren eta herritarren burujabetzaren aldeko jarrera erakutsi dugu” adierazi zuten. Herri galdeketak egin ahal izateko herritarrek baldintzak sortu dituztela azpimarratu zen: “iaz pentsatu ere ez genuen egiten gaur galdeketak izan diren herrietan halako prozesu bat martxan jarriko genuenik ere, ez zegoen baldintzarik. Baldintzak sortu egin ditugu eta eremu oso zabaletara iritsi gara”.

2017a amaitzerako galdeketak eta erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida milioi bat herritar bizi diren eremuetara iritsiko da, “lorpen handia da benetan hori, datozen hilabeteetan ere lanean jarraituko dugu, borondateak ehunduz, adostasunetan sakonduz eta herritarrak ahaldunduz, Euskal Herrian erabakia gauza dadin” adierazi zuten.

Aurrera begira dituzten erronketaz ere jardun zuten: “herritarron esku dagoen guztia egingo dugu erabakia gauzatzeko. Ezinezkoa ezinezko baita errealitate bihurtzen den arte, horretan sinesten dugu eta hori erakutsi dugu gaur”.

“Ekainaren 10ean beste pauso bat emango dugu, Bilbon deitu dugun mobilizazio nazionalean aurkeztuko dugun Herritarron Itunarekin. Erabakiaren bidean beste ate batzuk zabaltzen ari gara, eta herritarron ituna mugarri” izango dela adieraziz amaitu zuten Gure Esku Dagoren adierazpena.

Honakoak izan ziren igandean Zestoan egindako Herri Galdeketaren emaitzak:

Galdera: Nahi al duzu izan Euskal estatu burujabe bateko herritar?

  • BAI: 1255
  • EZ: 22
  • Zuri/baliogabe: 28

Herri galdeketan Zestoan erroldatuta dauden herritarren %42.59ak hartu du parte.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide