Albisteak

‘Gurea Kultura’ ekimena festetan izango da bigarren urtez

Zezenketa garaian herritarrei alternatiba bat eskaintzeko helburuarekin jaio zen pasa den urtean ‘Gurea Kultura’ ekimena eta aurtengo festetan ere presente izango da. Bi ekitaldi prestatu dituzte. Lehenengoa, irailaren 6an izango da. Arratsaldeko 18:00etan hasita, EH Sukarra eta Rukula taldeen kontzertuak izango dira estazio zaharrean. Irailaren 8an, berriz, Bargaztak taldeak mural margoketa egingo du Alonderoko aldapan, 18:00etatik aurrera.

Zestoako Udala laguntzeko prest izan dutela azaldu dute Gurea Kulturako kideek. “Zorionez, aurreko urtean ez bezala, aurtengo edizioa antolatzerako orduan Zestoako Udala laguntzeko prest azaldu da eta irailaren 6ko kontzertuak antolatzeko erraztasunak eman dizkigu. Taldean eztabaidatu ondoren, “Gurea Kultura” ekimenak musika taldeen kudeaketa bere gain hartuko du, eta Udalak azpiegitura gastuak bere gain hartuko ditu. Beraz, taldean dagoen gogoarekin eta Udalak emandako bultzada hori aprobetxatuta, ekimen borobilagoa egingo dugulakoan gaude” azaldu dute.

 Bono laguntzak salgai

Aurreko urtean bezala, ekimena babesteko bono laguntzak jarriko dituzte salgai. Portale, Mollergi, Fati eta Koiote tabernetan eskuratu ahal izango dira 10 euroren truke. Bildutako dirua musika taldeen gastuei aurre egiteko erabiliko dute eta irabaziak lortzen badituzte, Manex Odriozola herritarraren balizko epaiketa baten gastuei aurre egitera bideratuko dituzte. Antolatzaileek Zestoa eta inguruetako jende guztiari antolatutako ekimenetan parte hartzeko deia egin die.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide