Albisteak

Gurea Kulturak antolatuta, “Gurean” dokumentala ikusi zuten atzo, osteguna

Atzo, ostegunez, Gure Kulturak antolatuta, “Gurean” izeneko dokumentala proiektatu zuten Alonderoko aretoan. Dokumentala Askekintzak, animalien eskubideen alde lan egiten duen elkarteak, ekoitzi zuen. Zuzendaritza, produkzioa eta edizioa beraiek burutu zituzten pandemia garaian. Nahiz eta elkartearen jarduera etenda egon, dokumentalaren zabalkuntza lanekin jarraitzen dute.

“Gurean” dokumentalak, Euskal Herriko jai ezberdinetan animaliek duten erabilera erakusten du ikuspegi pedagogiko batetik. Dokumentala lau urtez grabatutako irudiekin osatua dago. Saioan, Ion Cerezo, Askekintzako kide ohia, ere bertan izan zen.

Ekintza hau Gurea Kulturako kideek antolatu zuten, herritarrak sentsibilizatzeko eta hausnarketara bideratzeko helburuarekin. Uste dute, gainera, herriko festetan zer festa eredu nahi dugun pentsarazteko baliagarria izan daitekeela. Honekin batera, festetako ekintzetatik haratago, jarduera gehigarri bat proposatu nahi izan dute.

Bertara gerturatu ez zirenek, dokumentala ikus dezakete hemen.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide