Apirila 2026
— 2026-05-04Irakurri 281. zenbakia hemen.

Zestoako Futbol Taldeak gabonetako otarra zozketatu zuen aurten ere. Zenbaki saritua urtarrilaren 6ko Niño loterian ateratako lehen eta bigarren sarien azken lau digituak hartu zituzten kontuan. Hala, zenbaki irabazlea 6703 izan zen, eta ordezkoa, berriz, 5875. Hilabeteko epean inor ez denez agertu otarra jasotzera, Zestoako Atletismo Taldeari oparitzea erabaki dute.
Futbol Taldeak sare sozialen bidez zabaldu duen komunikatuan azaldu duenez, “herri osoak, txiki-txikitatik hasi eta helduetaraino, parte hartzen duen ekitaldia dugu kros herrikoia eta klubetik, denona den ekitaldi horren antolakuntzan dabilen Atletismo taldea laguntzeko” hartu dute erabakia. Bide batez, herritarrak krosean parte hartzera eta atletismo taldeari laguntzeko errifak erostera animatu dituzte.
Ostegun arratsaldetik aurrera, Atletismo Taldeko kideak Erdikalean egongo dira errifak saltzen, bi euroren truke. Errifak gaur eta bihar arratsaldean, baita larunbat goizean eta arratsaldean ere, salgai egongo dira, eta guztiak agortzen ez badira, baita igandean ere. Bildutako dirua Atletismo Taldearentzat izango da. Taldeko kideak, bestalde, “oso eskertuta” agertu dira Futbol Taldearen erabakiarekin. Azaldu dutenez, gaur egun duten egoera ekonomikoa ikusita, dirua biltzeko aukera hau oso lagungarria izango da.