[GUTUNA] Arroako biribilgunerako ideiak

Arroako biribilgune berria, Arroa eta inguruko zementu-industriaren lekukotasun historikoa.

Arroako biribilgunea inauguratzear dago, historikoki beste izen batzuekin ezagutu dugun bidegurutzean: “Cementos Rezola” (lehen La Carmen, ABC edo Alberdi zuen izena). Baita “Azkueneko kruzea”. Gaur egun, Bombas Azkueren jatorria. Bertan taberna bat eta frontoia zeuden, erromeriak egiten ziren eta Urola bailarako merkatari, garraiolari eta bidaiarien derrigorrezko geldialdia zen,eta nola ez Arroako bizilagunen topagunea. Arroan eta bere inguruan 150 urtez egin da zementua eta Gipuzkoako 11 lantegietatik 5 bertan kokatzen ziren, Carmelo Urdangarinek eta Jose Mari Izagak idatzitako antropologia industrialaren inguruko lan batean jasotakoaren arabera, Javier Carballo, Ismael Manterola eta Zumaiako ZIIF proiektuko beste kide batzuen laguntza izan zutelarik.

Historia hori nolabait jaso eta islatzeko aukera dugu orain Arroako zementuen bidegurutzearen biribilgune berrian, eta horixe da idatzi honetan proposatu nahi genukeena. Gune hori, horretarako paregabea iruditzen zaigu. Nahiz eta argi izan inauguraziorako ez gabiltzala garaiz, ondoren gauzatzea izango litzateke gure nahia. Gipuzkoako Foru Aldundia, Zestoako Udala, Zumaiako Udala, Arroa Beheko Auzo Elkartea, historia gogoan duten lantaldeak… izan daitezke, Arroako bidegurutzeko biribilgunean aipatutako testigantza historikoa hobekien islatuko duen artelan, monumentu edo errepresentazio alegorikoei buruzko ideiak jasotzeko eta dagokien moduan bideratzeko entitateak.

Inguruko zementu-industriaren kontzentrazio paregabea izan zen bertan. Horren lekuko dira gurutze guneko zementuzko silo zirraragarriak,Arroa, Bedua, Narrondo eta Agoteren artean barreiatutako adreiluzko tximiniak, errota harriak e.a. Aztarnak dira (tximinia batzuk baino ez dira mantentzen) eta irudi adierazgarriak izan daitezke, agian zementu-fabrikak gehien gogorarazten dizkigutenak. Eraikin horiek hobekien irudikatuko dituen elementu batzuk ipintzea da proposatzen dugun ideietako bat, abiapuntu gisa.

Argi dago Aldundiak ezarriko dituen bide-segurtasuneko arauak kontuan hartu beharko direla. Ea zerbait polita lortzen dugun eta adostasunez aurrera ateratzeko gai garen, elkartzen gaituena kontuan izanda. Gure gurasoak eta aitona-amonak omentzen ari gara eta oroimena eta errespetua zor diegu. Elkarrekin lan egitera gonbidatzen zaitut.

Ez dut idatzi hau amaitu nahi, gurutze gune horretan istripuz hildakoak eta zaurituak gogoratu gabe. Haiek eta haien familiek izan beharko lukete lehenak gure pentsamenduetan, eta lehenak izan beharko lukete ere, gure inaugurazio ekitaldian omenaldia jasotzerakoan.

Ignacio González

Arroa eta Zumaiako bizilaguna




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide