[GUTUNA] Fundizio Musika Elkarteak Leok´k taldeari erantzuna

Fundizio Musika Elkarteak Leok´k-eko kideek egindako adierazpenei erantzuteko honako gutuna bidali du erredakziora:

Duela urte batzuk sortu zen Fundizio musika elkartea, estazioko entsegu lokala antolatu eta Zestoan dugun mugimendu musikala hauspotzeko asmoz. Zestoan, musika talde guztiok ahal dugun moduan lortzen ditugu beharrezko baliabideak. Udal teknikariek ez digute inongo laguntzarik ematen, ez honen egoera hobetzeko, ezta ofizialki lor daitezkeen hainbat beka eta laguntza eskuratzeko bideak erakusteko. Estazioko lokalean, talde eta jende mordoarekin erortzen ari zaigun lokala elkarbanatzen edo norberak bere kasaka lokalen bat ordaintzen dugu aurrera egiteko. Talde guztiek, batek izan ezik.

Atzo jakin genuen talde hau, Leok´k taldea hain zuzen ere, orain arte entseatzen zuten lokaletik atera dela, zeina gaztetxe berriko eraikinean aurkitzen zen. Gazte Asanbladak adierazi duen moduan, bertan entseatzen jarraitzeko aukera une oro eman zaien arren, desalojo batek sortu zitzakeen eragozpenak direla eta atera da Leok´k taldea lokal horretatik. Hala ere, taldeak lokalik gabe geratu izana salatu du argazki baten bidez, Gazte Asanblada jopuntuan jarriz.

Leok´k taldeak betidanik pribilegiozko tratua jaso du herri honetan, udalaren nahiz elizaren partetik. Zentrotik aparte, kultur etxean ere entsaiatu izan dute eta hori egin duen talde bakarra da. Zestoako beste musika taldeok aukera hori inoiz ez dugu eduki eta lehen esanda bezala, Leok´k-ek betidanik izan du pribilegiozko tratu hori udalaren partetik, bai finantzazioari dagokionez (ezin ahaztu inoiz kaleratu ez duen DVD bat grabatzeko udalaren partetik jaso duen dirua), bai festa batzordearen gainetik pasata nahi duenean bere kontzertuak berak jarritako prezioan emateko aukera izanda edo baita udalaren azpiegiturak nahi duenean erabiltzeko aukera izanda. Azken horren adibide da lokaletik gauzak ateratzeko orduan udalaren kamioia erabili duela Leok’k-ek. Beste talde guztioi inoiz ez liguke udalak bere baliabiderik utziko gure materiala mugitzeko. Herriko beste talderen batek edo gehiagok, ia astero, norbere lokala husten baitu, bai kontzertu edo bai grabaketetarako, mugimendu horiek duten gastu ekonomikoarekin (furgoneten alokairua eta gasolina gutxienez). Pribilegiozko tratu honi kontrajarririk, beste talde guztiok beti geure kasaka eta elkarri lagunduz lortu behar izan dugu talde honi opari eman zaion guztia.

Herriko taldeok elkar laguntzera begira Fundizio elkartea sortu genuenetik ere, herriko talde bakarra izan da inongo interesik jarri ez duena ez gure egunerokotasunean, ezta guk antolaturiko ekintzetan ere. Esan bezala, guztia bere kasa udala eta elizarekin tratuak eginez lortu duelarik. Hau horrela, oso larria deritzogu orain berentzako soilik zuten lokaletik boluntarioki atera denean taldea lokalik gabe geratu dela salatu izana. Izan ere, lehenik eta behin, ez da lokalik gabe geratu. Estazioan herriko talde guztiei irekita dagoen lokala dugu, eurentzat ere bai. Kontua da beti pribilegioan mugitu direnak ez daudela prest kondizio eskasetako lokal bat beste talde batzuekin partekatzeko. Bestalde, Fundiziotik hasieratik adierazi dugun moduan, eta herriko talde ezberdinek proiektuari babesa ematerakoan adierazi duten moduan, gaztetxearen proiektua Zestoako mugimendu musikalak behar duen kontzertu aretoa lortzeko proiektu ezin hobea da. Elizondo zineman kontzertu areto bat egoteak herriari eta gure jarduerari izugarrizko bultzada emango dio dudarik gabe. Beti ere egokitzapen lan on bat egin ostean. Zentzu horretan oso jarrera egoista dela deritzogu, taldearen pribilegioak mantentze soilagatik herriko musikari mugimenduari horrenbesteko ekarpena egin
diezaiokeen proiektua erasotzea, beti erakutsi duten berekoikeriaren isla garbia delarik. Gure partetik, musikari elkarte moduan ezin dugu jarrera hau salatu gabe utzi.
Esan bezala, entseatzeko lokala behar badute, Fundizio Elkartea, herriko talde guztiei bezala prest dago estazioko lokalean talde berri bat sartu eta elkarlanez espazio horrek behar dituen egokitzapenen inguruan lanean jarraitzeko, beti ere pribilegioak alde batera utzi eta beste talde guztiekin, berdin moduan jokatzeko prest agertzen badira.

Fundizio Musika Elkartea




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide