[GUTUNA] Manuel Arregi – Zestoako XIX. mendeko erlojuaren kokapena

Azken bi urte pasatxoan ezkutuan, isilpean edota bazterrean egon ondoren, azkenean, plaza publikora jauzi egin du lagunartean zebilen kontuak. Zein erloju kokatu behar da une honetan hutsik dagoen Zestoako kanpandorrean, XIX. mendekoa ala XXI. mendekoa?

Bakarren batek aldizkari honetako postontziko gutunean (otsailak 28) “erloju zaharra” deitu dio XIX. mendekoari. Nola deitu beharko genioke XVI. mendean omen zegoenari?

Aipatu artikulu horretan bertan hainbat gauza nahasten dira plastiko usaina darion artikulua osatzeraino.

Kanpaiak eta erlojuak aipatzen dira, biek ibilbide bera egin izan balute bezala. Eman diezaiogun begiratua historiari eta gure aurrekoek egindakoari.

Zestoako kanpaiak, Herbehereetatik Beduan barrena iritsitakoak behintzat, 1737an kokatu omen zituzten Azkoitiko Lizarditarrek diseinatutako kanpandorrean. Orain ere hortxe daude, beren tokian, konponketa eta moldaketa batzuk tarteko.

Kanpaiekin elkarlanean, erlojuek ere aireratu izan dituzte beren deiadarrak eta soinuak. Hainbat urtetan, gure herriko kanpaiak ez dira aldatu, erlojuak ordea bai.

Hona hemen gure kanpaiek ezagutu dituzten erloju-lankideak:

  • Gaur egun kanpandorrean dauden kanpaiak jarri zituztenean, ez dakigu erloju berria jarri zuten edo lehendik martxan zegoena baliatu zuten. Dena dela, eskuartean ditugun datuen arabera, garai horretako erlojuarekin 38 urte egin izango zituzten gure kanpaiek, 1775. urtera arte.
  • Lehen aipatutako erlojua zaharkitua zegoen, nonbait, eta zenbait konponketa egin zizkion Migel Garate erlojugileak 1774ko urte hasieran. Baina zestoarrak ez ziren, nonbait, konforme gelditu eta urte horretan bertan, abuztuan, eskritura bat izenpetu zuten Guillermo de la Prada erlojugile durangarrarekin: erlojugileak bi erloju berri (Zestoa eta Aizarna) egiteko konpromisoa hartu zuen, 1775. urtean martxan jartzekotan. Zestoako kanpaiek, 104 urte egin izango zituzten durangarraren erlojuarekin, 1879ra arte.
  • Beraz, 1879an hirugarren erlojua ezagutu zuten gure kanpaiek, Benito Yereguirena. Erloju hori 2017ko abendura arte kanpandorrean aritu izan da, 138 urtez, tximista famatu hark behera jaitsarazi zuen arte.

Horrela bada, ez dirudi hain bidegabea, hainbeste urte pasatu ondoren, gure kanpaiei laugarren erloju batekin jardutea ahalbidetzea. 1737tik hasita, erlojuak egokitzen joan dira Zestoan, gero eta modernoagoak jartzen, agi denean. XXI. mendean aurrera goazela, ez dirudi burugabekeria egokitzapen horretan erloju mekanikotik elektronikora pasatzea. Hala egin dute herri askotan, Aizarnan kasu, duela ez hainbeste urte.

Aukera horren alde egingo balitz, zer egin Benito Yereguiren erlojuarekin? Hainbat aukera egon daitezke, herritarren eskura jartzeko, bai behaketarako, bai ikerketarako; badira hainbat eredu: besteak beste, Zumaiako Julio Beobide ibilbidean Yereguitarrek jarritakoa, Idiazabalgoa, Iruñean laster jartzekotan direna, Altzaikoa…

Kontu horiek guztiak gorabehera, bada beste pisuzko arrazoi bat Benito Yereguiren erlojua kanpandorrera jasotzea asko zailtzen duena: gai horrekin 2017ko abendutik 2019ko ekainera arte Udalean egin zen kudeatze eskasa eta tamalgarria. Dirudienez, gaia udalak (edo alkateak soilik?) hala baimenduta, soilik Josetxo Mendizabal Irigoien eta Xabier Alvarez Yeregui tandemaren esku egon zen. Esan beharra dago ez zutela urratsik txikiena ere egin, lehen aipatutako garai horretan, Benito Yereguiren erlojua kanpandorrera bidean jartzeko. Zergatik? Agian, ez zuten gaia garbi ikusiko. Auskalo!

Tarte horretan erlojuaren gaiaz Udalean dauden idatziak aztertzen baditugu, argi eta garbi ikusiko dugu, gaur egun erloju hori kanpandorrera begira ez egotearen erantzule eta arduradun nagusiak bi lagun direla: Xabier Alvarez Yeregui eta Josetxo Mendizabal Irigoien.

Beste era batera esanda; Xabierren eta Josetxoren kudeatzeak oso zail jarri dio, ezinezko ez esateagatik, gaur egungo udalari, XIX. mendeko erlojua berriro kanpandorrera jasotzea: kudeatze eskasa, diru-xahutze dezentea, diru-kontu ilunak, oinarrizko plangintza baten falta… Gainera, erlojua, gaur gaurkoz, ez dago gora jasotzeko moduan, konponketa sakonagoa beharko luke…

Norbaitek galde lezake: Nolatan orduan, Danbolinen otsailaren 28an argitaratutako gutuna? Auskalo! Agian, mereziko luke ezkutuan dauden datuak eta jokabideak azaleratzea. Hurrengo batean beharko du.

Manuel Arregi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide