[GUTUNA] Meltxor, Gaspar eta Baltasarren gutuna

 

Kaixo guztioi:

Aurtengo urtea ez da batere erraza izan, eta orain Gabonak ezin izango ditugu nahi bezala ospatu. Urte osoa zain egoten gara zuekin egon, eskutitzak jaso eta zuen etxeetara opariak eramateko. Aurten gauzak bestelakoak izango dira, baina gure gauak magikoa izaten jarraituko du. Ezin izango ditugu zuen eskutitzak aurrez aurre jaso, baina kaxa dotore bat jarriko dugu eliz atarian eta meza garaian zuen eskutitzak bertara botatzeko aukera izango duzue. Gogoratu, astelehenetik larunbatera arratsaldeko 18:00etan eta igandeetan 12:30ean. Ahaztu gabe bota eskutitzak, gure laguntzaileak jasoko dituzte eta. Urtarrilaren 5era arte izango duzue eskutitzak botatzeko aukera. Ondoren gure txanda iritsiko da, opariak eta ilusioa zabaduko ditugu etxez etxe zailtasun guztiei aurre eginez. Eta adi egon! Nola edo hala gure mezua jasoko duzue. Ez ahaztu! Errege Magoak gara eta Zestoako umeak gure lagunik kuttunenak zarete. Laster arte,

MELTXOR, GASPAR eta BALTASAR

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide