Albisteak

Hainbat herrialdetako txanponak biltzen ari den lagun taldea izan dugu bixitan

Lau haurren bisita izan dugu Danbolineko bulegoan. Sofia, Aya, Nahis eta Shelalarena, hain zuzen ere. Hainbat herrialdetako dirua biltzen ari dira eta Danbolin bitartez herritarrei hori jakinarazteko eskatu digute.

Haurrek kontatutakoaren arabera, duela hiru bat aste hasi ziren bilduma egiten. Kalean omen zeuden, dirurik gabe momentu horretan, eta lurrean begira ari omen ziren ea txanponen bat aurkitzen ote zuten goxokiak erosteko. Halako batean, bost xentimokoaren antzeko txanpona aurkitu zuten, baina zerbait desberdina zuen eta emakume bati galdezka konturatu ziren britainiar zentimo bat zela. Ez zien goxokiak erosteko balio, beraz. Emakume honek txanpon kubatar bat eman omen zien, ordea, eta orduan sortu omen zitzaien bilduma egiten hasteko ideia. Taberna guztiak pasa zituzten haurrek aurrena, pentsatuta, agian, aparteko lekuren batean denboraren poderioz pilatuta izango zituztela tabernariek euroak ez diren txanponak. Konturatzerako diru mordoxka bildu dute. Gainera, laukotearen gurasoak jatorri ezberdinetakoak dira; Ukrainia, Sahara, Maroko eta Euskal Herrikoa, eta etxekoek ere lagundu diete.

Bilduma osatzen jarraitu nahi dute, eta eskolan erakusketa bat antolatu. Beraien nahia handiak egiten direnean herrialde horiek bisitatzea da, nork daki!

Oharra: arratsaldeetan parkean egoten direla normalean jakinarazteko eskatu digute. Inork txanpon edo diru-paperen bat bildumarako eman nahiko balu, han aurkituko du gure laukotea.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide