Albisteak

Hamabi kasu zenbatu ditu Osakidetzak asteburuan Zestoan

Osasun Sailak emandako datuen arabera, hamabi kasu zenbatu dira asteburuan Zestoan: bost ostiralean, hiru larunbatean eta lau igandean. Joan den ostegunean 100.000 biztanleko azken hamalau eguneko intzidentzia tasak 500eko langa gainditu zuen eta ostiraletik itxita daude herriko ostalaritza guneak. Asteburuan berriro ere gora egin du kasu metatuen tasak, 898,82ra iritsi arte.

Eskola txikiko lehen urteko ikasleak klasera itzuli dira gaur goizean. Urtarrilaren 15ean itxi zuten eskola, hainbat kasu positibo atzeman ostean. Konfinamendua amaituta, gaur itzuli dira lehen urtekoak ikasgelara eta bigarren urtekoak aste honetan itzuliko dira.

Kasuak gora eskualdean

Eskualdean 116 kasu atzeman dituzte asteburuan, gehienak Azpeitian, 60 kasu zenbatu dituzte han. Intzidentzia tasak 1.000 kasuko langa gainditu du Azpeitian eta gaur gaurkoz, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 1031,54 kasukoa da han. Gainontzeko herrietan ere gora egin du positiboen kopuruak, Beizaman eta Errezilen izan ezik. Zumaian eremu gorrian jarraitzen dute sei positibo gehiagorekin, baita Orion ere, bost kasu gehiagorekin. Aian ere eremu gorrian daude eta bost kasu atzeman dituzte han asteburuan. Azkoitian hamar kasu zenbatu dituzte ostiraletik igandera bitartean, hamabost Zarautzen, bi Errezilen eta bakarra Getarian.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide