Albisteak
Hamar puntu, hamaika kezka
— 2020-06-11Osasun krisiak eragindako kezkei modu kolektiboan erantzun asmoz, ‘Zestoan elkarrekin aurrera’ manifestua sinatu dute hamaika herritarrek. Covid-19ak sortutako egoeraz kezkatuta bildu ziren lau lagun eta zerbait antolatzeko beharra ikusi zuten. Hamar punturen bueltan adierazpen herrikoi bat jaso eta ekimen bat antolatzea erabaki zuten. “Bereziki kezkatzen gaituen gaien inguruan, arlo ezberdinetan aritzen garen herritarrok bakoitzak dagokigun arloari buruzko gogoeta mahai gainean jartzea izan da arrazoia” esan dute.
Manifestuaren puntuak
Guztira, hamar puntu ditu manifestuak baina gehiago izan zitezkeela nabarmendu dute egitasmoaren antolatzaileek. Profesionalki eta herriko dinamika ezberdinetan aritzen aritzen diren herritarrek sinatu dute manifestua. Antolatzaileek esan dute azken hilabeteotan argi ikusi dela herriko ekonomian bertako ekoizpen eta merkataritzak duen garrantzia, sistema publiko baten beharra eta zaintzaren inguruan egin beharreko hausnarketa. “Inor atzean utziko ez duen eredu berriaz ari gara, bizitza erdigunean jarri eta pertsonak babestuko dituen neurrien beharrak lehentasunezkoak izateko eta aurreko krisian ordaindu genuenon bizkar berriro ez uzteaz”. Ingurumenaren eta kulturaren garrantzia ere aipatzen dute eta errepresaliatuen etxeratzeari buruz ere aritu dira. “Bakoitzak bereari begiratzen badiogu ere, komunitatearen indartzea eta babestea ezinbestekoa dela deritzogu, batera indartsuago gara. Birusak argi utzi digu bidea, norberarena eta besteona elkar lotuak daudela aurrera onik ateratzeko. Irakaspenak ez ahaztea komeni zaigu” esan dute.
Aurrera begira
Printzipion, aurrera begirako ekimenik ez dela izango adierazi dute antolatzaileek, “erantzun puntual bat da gurea” esan dute. “Gure artean asko dira herriko ekimen ezberdinetan lanean dihardutenak, ez da gure nahia beste talde bat sortzea, baina egia da horrelakoek inertzia berriak hauspotzeko balio dezaketela eta nork jakin zer izango den aurrerantzean”. Zestoa herri txikia dela azpimarratu dute eta herritarrak elkarrengandik gertu daudela, komunitateko kide sentitzen direla eta horrek edozertarako balio handia duela.
Elkarretaratzea
Larunbat honetan, ekainak 13, elkarretaratzea egingo dute eguerdiko 12:00etan, plazan. Bertan manifestua irakurriko da eta herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete.
Argazkia: Manifestuaren sinatzaileetako batzuk.
Egin zaitez bazkide